Budu zitorien sexu beroa
1989/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gorputzaren tenperatura ingurugiro-tenperatura baino askoz handiagoa mantentzeko ahalmena (bero metabolikoa), goi-mailako animalien (hegazti eta ugaztunen) ezaugarritzat jotzen da. Dena den, sei landare-familiaren loreetan bero metabolikoa sortzen dela ezaguna da. Tenperatura handiak, intsektu polinizatzaileak erakarriko dituzten substantzia hegaskorrak lurrintzeko erabiltzen dira.
Budu zitoriaren loreek esaterako, ingurugiro-tenperatura 22ºC-tan gaindi dezakete zenbait unetan. Gainera, usteldutako haragi, gernu, gorotz eta sufre-gasen usaineko kiratsa darie.
Budu zitoriaren infloreszentzia tranpa itxurako lore-ganbaraz osatuta dago, bertan lore ar eta emeak daudelarik. Lore arrak makila-itxurako baten barruan daude. Lore-ganbararen gainean, kotxeen irrati-antenaren tankera duen hagatxoa dago (Ikus irudia). Loratze-eguna arte (D eguna arte) hagatxoa kordotx izeneko leka baten barruan egoten da.
Bero-sorrera abiarazten duena zakurra azido salizilikoa da. D egunaren aurreko arratsaldean hagatxoan dagoen azido salizilikozko kontzentrazioa igotzen hasten da eta oinarrizko maila baino 100 bider kontzentratuagoa egotea lortzen da. D egunaren goiz aldean kordotxa ireki egiten da eta hagatxoa airean gelditzen da. Bero-produkzioaren eta aldi berean kirats-produkzioaren maximoa, D eguneko egunsentia pasa eta 3-5 ordura gertatzen da. Arratsalde erdirako beroa txikiagotu egiten da eta baita azido salizilikoaren kontzentrazioa ere.
Kiretsak intsektu polinizatzaile ugari darakartza lore-ganbarara. D eguneko gauean beste beroaldi bat gertatzen da. Berokuntza lore-ganbaran jazoten, da lore ar eta emeen artean. Tenperatura gutxiago igotzen da, 10ºC bakarrik, baina luzeago dirau; 7 ordu ordez 14 orduz.
Lehenengo beroketak erakarritako eta ganbaran harrapatutako intsektuen lana eragiten du bigarrenak. Lore arrek polena askatzen dute eta intsektuek hartzen dute lore emeetara eramanez. Bukaeran lore-ganbara ireki egiten da eta intsektuek alde egiteko modua dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia