}

Blue ray DVDari lehiakidea sortu zaio

2002/08/30 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Otsailean, izpi urdineko diskoa edo Blue ray DVDa garatzeko akordioa sinatu zuten munduko bederatzi konpainia handik. Blue ray DVDak oraingoek baino memoria askoz ere handiagoa izango du, baina erabiltzaileentzat ez zen hori nobedade nagusia, konpainien akordioari esker, etorkizunean DVDak grabatzeko eta irakurtzeko sistemak bateragarriak izango zirela baizik. Toshiba eta beste fabrikatzaile handi batzuek, ordea, ez zuten akordio hura sinatu eta, berriki, Blue ray sistemarekin bateragarria izango ez den DVDa aurkeztu dute.

Toshiba eta NEC konpainiek aurkeztu dute Blue ray -ren lehiakidea. Aurkezpenean esan zutenez, beren sistemak hurrengo belaunaldiko DVD irakurgailu eta grabagailuetarako bidea erraztu egingo du, DVD fabrikatzaileek orain arteko ekipamendu eta sistema berak erabili ahalko dituztelako DVD berriekin ere. Baina kontsumitzaileen elkarteak ez daude hain kontent, eroslearentzat estandar bakarra askoz ere erabilgarriagoa delako.

Gaur egun, DVDak grabatzeko lau sistema daude eta bateragarritasun-ezak haien merkaturatzea dezente oztopatu duela uste da.

Argi urdina oinarri

Bai Blue ray -k, bai eta aurkeztu berri denak ere, argi urdinarekin egiten dute lan. Orain arteko DVDek, berriz, argi gorria erabiltzen zuten datuak gorde eta irakurtzeko. Baina argi urdinak gorriak baino uhin-luzera txikiagoa du eta horrek esan nahi du toki berean informazio gehiago gordetzea posible egiten duela. Horrela, 12 cm-ko ohiko diskoetan 4,7-8,5 gigabyte gorde ordez, 15-30 gorde ahalko dira. Beste hitzetan esanda, 12 orduko bideo-grabazioak.

Toshibak eta NECek aurkeztutako DVDak 30 gigabyteko
memoria-edukiera du eta Blue ray -k, berriz, 40-50ekoa. Biak 2004ean merkaturatu nahi dituzte, DVD Forum erakundearen oniritzia jaso ondoren.

Informazio osagarria:
DVD grabagarriak bateratzeko akordioa
DVD grabagailuak iritsi dira. Hil ere bai?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia