}

Ibiltari gigantea

1990/09/01 Berrondo, Luis F. Iturria: Elhuyar aldizkaria

unduan aurkitzen den animalia harrigarrienetako bat ezagutuko dugu: elefantea. Badaki beste edozein animalia bera molestatzeko gai ez dela eta horregatik bere jarrerak segurtasuna irradiatzen du.

Munduan aurkitzen den animalia harrigarrienetako bat ezagutuko dugu: elefantea.

Taldean dagoenean, mantso, lasai, bere handitasunaren jabe, elefantea lautadatan zehar dabil. Badaki beste edozein animalia bera molestatzeko gai ez dela eta horregatik bere jarrerak segurtasuna irradiatzen du. Tronpaz, alde batera eta bestera, guztia ukitu, hartu, gidatu, etab. egiten du. Lur zabalen jabe da. Hala eta guztiz ere, ez zaigu leku batean finkatuko. Benetan nekaezina da. Beste zenbait animaliak ez bezala, ez du aski lurralde zehatz eta mugatu batekin. Era batera edo bestera lurralde guztiaren jabe izango balitz bezala jokatzen du, presarik gabe, inolako larritasunik gabe zeharkatuz.

Elefantearen bolumenak harri eta zur uzten gaitu; masa guzti horrek sortzen duen potentzi inpresioagatik gehienbat. Hala eta guztiz ere, guretzat bitxiena bere tronpa da.

Elefantearen tronpak funtzio asko betetzen ditu. Hain zuzen ere, gauza guztietarako balio du: lan-erreminta da (adar garaiak biltzekoa edo pisuak lekuz aldatzekoa, elikadura lortzekoa edo ezezagun zaion gorputz bat haztatzekoa), usain-apendizea, gorputza dutxatzeko urez edo hautsez betetzen duen tutua... Elefantea ez litzateke tronparen perfektotasunik gabe dena izango. Usaina hartzeaz gainera hainbat funtzio betetzen ditu. Animalia honen eboluzioan hauxe izan da zalantzarik gabe gehien garatutako organoa.

Beraz, tronpa bere eskua da, baina oso esku berezia, zeren bertan dastamenaren eta usaimenaren zentzuak bait ditu. Hau da, bai, zalantzarik gabe ingurunea hautemateko erreminta aberatsa.

Elefante arra emea estaltzen.

Elefante afrikarrak tronpa bukaeran bi ezpain ditu. Hatzamarren antzekoak dira eta hauekin edozer gauza, txikia izanagatik, oker handirik gabe eta harritzeko urguritasunez eskuratzen du. Alde batetik sentikorra da, baina bestetik zer-nolako indarra! Tronpa borra gogor bihur daiteke, izugarrizko kolpeak emateko edo bapatean zuhaitzak errotik ateratzeko gai delarik. Tronpa jasota, airean isiltasunean datozen mezuak, haize-bolada edo usain moduan usnatuz biltzen ditu. Lehortetan tronpaz lurrazpian ura aurki dezake, iturri berriak irekiz eta beste animalientzat mesedegarri izanik.

Tronparen mugimenduak azter ditzagun. Suge baten antzera norabide guztietara higitzen da eta forma guztiak hartzen ditu: kiribildu edo lasaitu, jaitsi (lurrazalean xagutxoren bat harrapatzeko) edo luzatu (zuhaitz altu baten goiko adarretaraino iristeko) egiten da. Beraz, tronpak edozein postura azal dezake. Organo sentikor balioaniztun honen bidez, gorputz guztia (potentzia hutsezko masa) ondo informatuta dago ingurunearekiko.

Elefantea eta bere tronpa. Bikote banaezina.

Elefante afrikarrak oso nabarmenak ditu bere belarri handiak. Hauen funtzioa tenperaturaren oreka lortzea da. Animalia honek eguerdian jasandako eguzki beroa xahutzeko bere belarriak abaniko bihurtzen ditu. Belarriak hodi kapilarezko saretxo itxi batez osaturik daude eta hauen bidez barruan metatutako bero-sobera kanporatu egiten du. Aldiz, berorik egiten ez duenean, belarriak geldirik eta gorputzari itsatsita edukitzen ditu.

Hain gorputz handia mantentzeko (pisua sei tonakoa da) elikagai-kantitatea ez da txantxetako gauza. Elefanteak egunero 300 kg elikagai behar ditu. Hori izan daiteke animalia honek ibiltari izateko duen arrazoia. Geldikorra balitz, elefante-talde batek azkar agortuko lituzke leku bateko baliabide guztiak.

Elefantearen hankek tinkoak eta monolitikoak dirudite; lau zutaberen modukoak. Hauek ere eboluzio handiko atal kontsidera ditzakegu. Hanka hauei esker edozein motatako lurretan ibil daiteke. Hanken azpikaldea irregulartasun guztietara egokitzen da eta horrela masa guzti horren oreka segurtatu egiten du. Ez da harrigarria elefantea malda latzetan higitzen ikustea. Ezinezkoa zaio ordea jauzi egitea.

Bestalde, animalia honek igeri egiten ere badaki. Ura gogokoa du eta bainua errito bihurtzen du. Maiz taldea ur-putzu apropos batera joaten da eta han elefanteak itzulika ibiltzen dira; dutxatuz, jolastuz... Gogoko gauza dutela argi baino argiago dago. Ibaia edo lakua sakonegia bada, tronpa jasota arnasa har dezake gorputz guztia urazpian duelarik.

Elefante arrak borrokan.

Esandako guztia kontuan izanik, argi dago elefanteak ohitura sozial garrantzitsuak dituela. Normalean taldea osatzen dute. Taldeko buru ez da ar bat izaten; eme bat baizik, eta hauetariko zaharrena gainera. Honek bere aginpidea errespetatzen duten guztiak gidatzen ditu. Arrak besteengandik (eme eta gaztetxoengandik) urrun samar bizi dira.

Bestalde, elefante bakartiak ere badira. Gehienetan taldea utzitako zaharrenak izaten dira. Azken hauek ez dituzte beren senideekin harreman guztiak galtzen. Elefante zahar eta bakartiari, gazteren batek laguntzen dio, eskolta emanez.

Bere bolumen, indar eta pisua dela eta, elefantearen erasoak benetan beldurgarriak dira. Baina nork atera proboszideo hau bere nagikeriatik? Inork ala ezerk bere lasaitasuna edo ohiturak apurtzen baditu, gauza beldurgarria gerta daiteke. Beste animaliek hori badakite eta arazorik sortu ez dadin ez diote inolako oztoporik jartzen. Baten batek ausardia agertuko balu, elefantea prest agertzen da borrokarako. Horretarako bere tronpa eta letaginak erabiltzen ditu.

Zaila da hauen beharra izatea. Gehienez ere nahikoa izan ohi da mehatxuzko orroe edo keinua, ala erasotzeko asmoa

erakustea, etsai ausartak hanka egin dezan. Beraz, indar-itxura horrek etekin ona ematen du.

Elefantea abereen artean "lankide"rik garrantzitsuenetakoa du gizakiak.

Borrokarik ez da hasten eta lehoi, leopardo eta beste hainbat etsai “konbentzituta” gelditzen da; elefanteari aurka egitea zorakeria ikaragarria bait litzateke.

Dituen letagin eder horiek, benetan ez dira letagin; ebakortzak baizik. Gizalditan zehar animalia hau hiltzeko arrazoi nagusi izan dira. Bolia! Afrikako leku basatienak gurutzatzen ziren bolia lortzeko. Ehiztariak oso ongi ordainduak izaten ziren ... Beti bezala animalia indartsu honek etsairik nagusiena gizakia izan du.

Zenbait herrialdetan, erraldoi hau animalia basati izatetik etxeko abere bihurtu dute, gauzak azkar ikasteko duen ahalmenari esker. Bere baldintza egokiak batetik eta segurtasunak bestetik, bere garuna asko garatzeko baliabidea eman diote. “Elefante-oroimena” esaerak argi uzten digu informazioa metatzeko duen ahalmena. Badirudi, bere psikismoa orekatua denez, egoera ezberdinetarako hainbat eta hainbat erantzun emateko ahalmena duela.

Halaber, elefantea abereen artean “lankide”rik garrantzitsuenetakoa du gizakiak. Horren adibide elefante indiarra da. Lurralde horietan gizakiaren laguntzaile leiala eta behar-beharrezkoa da.

Elefante emea eta bere kumea.

Elefante indiarrak bere senide afrikarrarekiko ezberdintasun batzuk baditu. Ekialdekoa tamainaz txikiagoa da, belarriak askoz ere txiki eta bilduagoak ditu (haizagailu funtzioa ez bait dute ia bete behar), emeen letaginak ez daude agerian eta arrak afrikarrarenak baino askoz ere apalagoak ditu. Proboszideo indiarra etxabere arrunta da, garraio eta zerbitzu-mota askotarako erabiltzen delarik.

Indian, herri-kirol zaharrenetako bat elefanteen arteko borroka da. Proboszideoak akuilatuz eta zirikatuz, animalien izaeraren aurka, borrokan ipintzen dira. Horretarako gizakiaren partehartzea beharrezkoa da, zeren hauek senideen arteko borrokei uko egiten bait diete.

Lerro hauen bidez, bitxikeria batzuk ikus eta ikas ahal izan ditugu. Proboszideoa kreazioko animaliarik ohoretsuenetakoa dugu. Horixe da gure ELEFANTEA.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia