}

Iberiar penintsularen kokapena 600 eta 300 milioi urte bitartean

1999/05/01 Eguiluz Alarcón, Luis Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mendikate Kadomiarraren birreraiketa. Paleozoikoaren bukaeraren aurretik Ossa Morenak eta ondoriz Extremadurako lurraldeek zuten kokapena.

Plaka Tektonikaren teoriak azaltzen duenez, kontinenteetako masek beren kokapenean aldaketa nabarmenak izan dituzte garai geologikoetan zehar. Horrek kontinenteen eta ozeanoen banaketa beti ez dela bera izan esan nahi du. Are gehiago, ozeanoetako hondoak ez du inon 200 milioi urte baino gehiago. Kontinenteei dagokienez, historia are eta konplexuagoa da. Hitz gutxitan Lurraren historian kontinente-masak behin eta berriz hautsi eta elkartu egin direla esan dezakegu. Azken elkartzean Pangea deitutako superkontinentea osatu zen. Hau orain 200 milioi urte zatitzen hasi zen eta orduan hasitako aldaketen ondorioz dugu gaur egungo egoera geografikoa. Aldaketen historia luze eta konplexu hau geologoen lanari esker argitu ahal izan da.

Geologoek zenbait teknika erabilita (batez ere arroken eta zenbait arlotan arroka-sekuentzien konparazioa eginda), planetaren historian izan diren kontinente-zatien hauste eta elkartzeen etapak berriz eraikitzen ari dira. Ulertzekoa denez eta gainerako zientzia historiko guztietan gertatzen denez, ikertu nahi diren gertaerak zenbat eta zaharragoak izan, hainbat eta zailagoa izaten da aztertzea. Hori azken etapetan aurreko frogak lausotu egin direlako izaten da. Arkeologian ere antzeko zerbait gertatzen da. Garai historikoak nahikoa zehatz ezagutzen dira, baina Paleolitikoari dagokionez, froga daitezkeen gertaerak baino ezagutza-hutsuneak gehiago daude.

EHUko Geodinamika saileko zenbait kide Extremaduran, Badajozko Unibertsitateko lankideekin batera, garatzen ari den proiektuaren bidez, Iberiar penintsularen sorrerarekin zerikusia duten zenbait esparru ikertzen ari dira. Batez ere, Proterozoikoaren bukaeran eta Paleozoikoaren hasieran (600-500 milioi urte) zegoen egoera eta ondorengo 200 milioi urtetan, mendikate Hertziniarra eratu arte, gertatutako mugimenduak ikertu nahi dira.

Orain arte Iberiar penintsula Afrikako mendebaldeko muturrean sortu zela jakin ahal izan dugu. Garai honetan Afrikako kontinentearen ertzeko irla-arkuak kontinentearekin talka egiterakoan mendikate Kadomiarra eratu zen. Mendikate Kadomiarraren aztarnak toki gutxitan preserbatu dira, hala nola, Extremadurako lurralde zabaletan zehar, nahiz eta gaur egun oso higatuta egon.

Proterozoikoaren bukaeran eremu kontinetalen kokapena eta plaken hurbilketa eragiten zituzten indarraren norabideak.

Ondoren lurralde hau Afrikako ertzetik bereizi egin zen, egun Japoniak Asiarekiko duen antzeko egitura geologikoa sortuz. Arku bolkanikoaren ostean maila txikiko arro ozeaniko berria eratu zen (Japoniako itsasoa), bertan sedimentu-kopuru izugarriak pilatzen direlarik. Itsaso berriaren zabalkuntzak penintsula Iberikoa ertz kontinentalarekiko eta Extremadurako lurraldea penintsularekiko errotatzea eragiten du. Ondoren (hau da, orain 450 milioi urte inguruz gero) kontinenteak elkarganatzen hasi ziren eta Iberiar penintsulan horren hedatuta dagoen orogenia Hertziniarra eratu zen.

Ikerketa honetan 550-450 milioi urte bitartean gertatu zenaren xehetasunak argitu nahi dira. Afrikako kostaldean mendikatea eratu ondoren, berau hautsi eta biratu egin zen. Analizatu diren alderdiak, besteak beste, hauek dira: arroka bolkanikoen berezitasunak, bertako sedimentuak eta kontinente-zati txiki horren historiako lehen urratsetan bizitzak izandako eboluzioa. Lortutako datuei esker informazio garrantzitsua izango dugu eta, beste zenbait lurraldeetan agertutako adin honetako arrokekin alderatuz, jatorrizko mendikate Kadomiarra birreraiki ahal izango da.

  • Proiektuaren izenburua: Harro hegoiberikoak (ZOM eta ZCI) Behe Paleozoikoan izandako sorrera eta eboluzioa. Magma, paleobiologia eta paleogeografiaren erregistroa.
  • Helburua: Giro sedimentarioen
    karakterizazioa, magmatismoaren eboluzio geokimiko eta isotopikoaren karakterizazioa eta eredu geodinamiko bat prestatzea.
  • Finantzazioa: DGCYT
  • Zuzendaria: Luis Eguiluz Alarcón
  • Ikerketa-taldea: Rafael Ramón Lluch, Arturo Apraiz Atutxa, Teodoro Palacios Medrano eta Alberto Bandres Martinez.
  • Departamentua: Geodinamika.
  • Zentroa: Zientzi Fakultatea

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia