Iazkoari begira: 2005. urtea zientzian
2006/01/30 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Ez da harritzekoa gai nagusitzat eboluzioa hartu izana, batez ere, kontuan izanda Science aldizkaria Estatu Batuetan argitaratzen dela; izan ere, han, eztabaida pil-pilean dago: eboluzioa eskoletan irakatsi behar den edo ez — Charles Darwinen aurkikuntzetatik abiatuta—, eta, batez ere, nola irakatsi behar den.
![](Images/T060129-7k.jpg)
Iazko urteari begira bakarrik ez, gainerakoan ere eboluzioa zientzia-gai funtsezkoa da; izan ere, gaur egungo biologiaren oinarria da. Eta Science aldizkarian, polemika aipatzeaz gain, eboluzioarekin zerikusia duten aurkikuntza nabarienak ere aipatu dituzte urtean zehar; hala nola, txinpantzearen genoma deskodetu dutela, txinbo kaskabeltzarekin egindako ikerketa —txori honen populazioak banatu egiten dira ugalketa-garaian, batzuek iparraldera jotzen dute eta besteek hegoaldera; hala, belaunaldiz belaunaldi bereizita ugaldu direnez, bi espezietan banatu da txinbo kaskabeltza—, hegaztien gripea, HapMap proiektua ( giza haplotipoen mapa ) eta abar...
Ikusten denez, eboluzioa eta genetika uztartzen dituzten ikerketak dira horiek. Horrek erakusten du zer lagungarri den genetika espezieen eboluzioaren ikerketan.
![](Images/T060129-a-7k.jpg)
Genetikak, bestela ere, hainbat aurrerapen ekarri dizkio zientziari 2005ean, eta, batzuk aipatzekotan, gaixotasun neurologikoekin zerikusia dutenak aipatu dituzte. Esate baterako, eskizofrenia gene batekin lotu dute, eta, horrez gain, ikusi dute Tourette-ren sindromearekin (nerbio-tikak) lotutako geneek dislexiarekin ere zerikusia dutela.
Denetariko gaiak
Astronomia urtero izaten da protagonista; 2005ean ere izan da, noski. Une honetan NASAk duen misio handiena Saturnori dagokio: Cassini-Huygens zunda Saturnora iritsi zen iaz, eta planeta bera eta Titan ilargia aztertzea du helburu.
Klima-aldaketa ere ezin alde batera utzi. Nabarmentzekoa da Science aldizkariak hamar gai nagusienen artean sartu izana; izan ere, Estatu Batuetako zientzialarien ikuspegia erakusten du: gobernuak ofizialki ez du onartu nahi berotze globala badela, baina zientzialariak ez dira hain eszeptikoak , antza. Dena den, iaz agintarien jarrera aldatzen hasi zen, eta hori aipatzea komenigarri ikusi dute.
![](Images/T060129-b-7k.jpg)
Bestalde, loratzearen kimika urteko hamar gai nagusien artean sartu dute. 2005ean landareen loratzearekin zerikusia duten hainbat aurkikuntza egin ziren: landareak nola erabakitzen duen noiz loratu , horri dagozkion seinale genetikoak, hormonak eta abar.
ITER proiektua ere sartu dute zerrendan, iaz erabaki baitzen Frantzian egingo dutela egoitza, Cadarache-n; eta, beraz, Europan egingo dutela fusio-energiarekin zerikusia duen proiektu erraldoia , eta ez Japonian.
Gai horiez gain, beste batzuk ere badira: neutroi-izarren eztandak , zelula-sareen funtzionamendua, Lurraren sorrera eta zeluletako potasio-kanalak.
Beraz, genetika, astronomia, eboluzioa... izan dira 2005eko gai nagusiak. Ziur gai horietako asko eta asko 2006 urtean ere hizpide izango direna.
7K-n argitaratua.
![](https://elia.eus/static/elhuyar/img/elia_RGB.png)