}

Amanita phalloides: basoetako hiltzaile berdea

1997/10/01 Mintegi, Imanol | Murgialdai, A. | Txoperena, Gabriel | Ibarguren Olalde, Karlos Iturria: Elhuyar aldizkaria

Behar bezala ezagutuz eta errespetatuz gero, atsegin handia eta gozatzeko anitz aukera ematen dizkigu naturak. Hauekin tartekatuz, ordea, arriskuak ere nonahi daude; perretxikoak dira esandakoaren lekuko. Gizakiarentzat toxikoak diren 70 bat espezie ezagutzen badira ere, bakar batzuk besterik ez dira arriskutsuak. Hauetako galgarrienetako eta era berean usuenetakoa Amanita phalloides dugu. Perretxikoek eragindako heriotza guztien % 90 egotz dakioke hiltzaile berde honi.

Toxinak

Kaltea eragiten duten konposatu kimikoen artean bi motako ziklopeptidoak berezi daitezke: falotoxinak eta amatoxinak . Bata zein bestea Amanita virosa , Galeriana edota Lepiota espezie batzuetan aurkitzen dira.

Toxikapena nola gertatzen den ulertu ahal izateko, honakoa hartu behar da kontuan: substantzia horiek oso termoegonkorrak direlako ez direla egosita suntsitzen; metodo entzimatikoak edo urtetan lehortuta mantentzeak ere ez dute substantzia hauen eragina ezabatzen.

Falotoxinak zenbait animaliarengan gibeleko lesio hemorragikoa azkar eragin badezake ere, gizakion hepatozitoek (hau da, gibeleko zelula nagusiek) ez dute substantzia berarekiko hartzailerik eta, ondorioz, ez da guretzat oso toxikoa.

Amatoxinek, berriz, efektu berantiarra dute eta kaltea gertatzen den gehienetan horiexek izaten dira eragile nagusiak. Amanitinak RNA-polimerasa entzima inhibitzen duenean, DNAren RNArekiko transkripzioa ere inhibitu egiten du, proteinaren sintesia eragotziz eta zelularen nekrosia eraginez. Zelula eukarioto guztiengan du eragina konposatu honek eta digestio-aparatuko epitelio, giltzurrun, pankrea, barrabil edo odoleko zelulak ditu itu nagusi. Gibelean ere kalte handiagoa eragiten du, horrek mantentzen duen sintesi proteiko handia dela medio.

Beste substantzia asko bezala, digestio-aparatuan xurgatu eta porta benaren bidez gibeletik pasatzen dira amatoxinak gorputzean zabaldu aurretik. Gibelak, ordea, behazunaren bidez % 60 berriro heste meharrera isur dezake gainerako hondakinekin batera kanpora dadin. Hau onuragarria litzateke berriro xurgatu eta ziklo bat (ziklo entero-hepatikoa) osatzeaz gain, hepatozitoak toxikoarekiko duen esposizioa luzatuku ez balu.

Animaliek jandako perretxikoak kaltegarri ez direlako usteak ere pozoiketa bat baino gehiago eragin du. Arratoien eta saguen digestio-aparatuak ez du amatoxina xurgatzen eta bena-bidez emanez gero ere, kaltea txikiagoa da ziklo entero-hepatikorik sortzen ez denez.

Klinika

Sintomatologia ager dadin, 6-12 ordu behar dira, perretxikoek eragindako toxikapen larri gehienetan bezala. Bi ordu baino lehen klinika eman ohi duten toxikapenak, berriz, arinak izan ohi dira. Hasieran beherakoak, abdomeneko mina eta gorakoak nagusitzen dira; hauek 24 ordu inguru iraun dezakete, deshidratazio eta elektrolitoen (sodio, potasio, hidrogenoi eta abarren) alterazioak eraginez. Ondoren, eta hobekuntza-fase baten ondoren, erraietako erasoa dator. Giltzurrun, pankrea, hezur-muin eta beste organo batzuetako kaltea analisietan ikusten bada ere, gibeleko kalteak eragiten ditu problema nagusiak: odol-jarioak, hipogluzemia, koma eta % 10-30etan heriotza.

Diagnostikoa egiteko orduan sintomak eta gaixoak esaten duena garrantzitsuena izanik ere, gernuan amanitina detekta daiteke. Perretxikoetan adituak direnek ere (Gipuzkoan Aranzadi taldeko mikologoen laguntza estimagarria izan ohi dugu) diagnostiko zehatza egiten asko lagun dezakete.

Tratamendua

Amanita phalloides edo basoetako hiltzaile berdearen toxikapena oso larria izan ohi da. Perretxiko hau galgarrienetakoa eta usuenetakoa da, gainera. Kontuz, beraz, ahoratzen duzunarekin.

Toxiko hauek neutraliza ditzakeen substantziarik ez dagoenez, gaixo hauek Ardura Intentsiboetako Unitatean zaintzea komeni da. Amanitina hesteetatik urdail-garbiketa eta aringarrien bidez erretiratzea eta ziklo entero-hepatikoa haustea oso garrantzitsua da.

Toxina gernu-bidez ere kanpora daiteke; ondorioz gernu-kopurua areagotu beharko dugu bena-bidezko suero ugari eta diuretikoen bidez. Zenbait ikerketak argitu dute gauzak horrela eginez gero toxikoa epe laburragoan desagertzen dela gernutik. Beste toxikapen-kasutan erabili ohi diren hemodialisi eta plasmaferesia kasu honetan ez dira baliagarriak. Lehenengorako amanitinaren molekula handiegia izanik ez du iragazkia igarotzen eta bigarrenerako, berriz, ez da proteinetara batzen.

Penizilina eta silibilina ere tratamenduan erabili ohi dira, lehen lau egunetan, batez ere. Giltzurrunetik gehiago kanporatzea eragiteaz gain, nolabait ziklo entero-hepatikoa apurtzen duela dirudi.

Gauzak gaizki daudenean gibel-transplantera iritsi daiteke. Ospitale gutxitan burutzen den teknika konplexua izateaz gain, kasu gutxiren berri eman da horren inguruan. Tratamendu onena, beraz, gure gibelaren hain etsai amorratua den perretxiko berdexka hau dagoen lekuan arratoi eta saguek dasta dezaten uztea da, dudarik gabe.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia