}

I love you, birus informatiko ospetsuak

2000/06/11 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Letxe txarra -eta intentzio txarragoa- behar da izan, birus informatiko bati "maite zaitut" amodiozko izena jartzeko. Behar bada horregatik, birusak ez zuen hedatzeko eta kalte egiteko aparteko eragozpenik izan. Maitasunaren birusa ospetsu egin zen, baina ez da famaren erreinura iritsi den lehen birusa izan. Lehenago ere -batik bat Internet erabiltzen hasi zenetik- egon izan dira birus informatiko ospetsuak.

Sareen sareak, Internet-ek alegia, mundua aldatu du. Merkatu elektronikoa dagoeneko errealitate da. Kontratuak, negozioak, erosketak eta salmentak, informazio-bidalketak eta abar dagoeneko Internet bidez egin daitezke eta egiten dira. Gaur egungo gizartearentzat oinarrizko bihurtzen ari den sareak mugak hautsi ditu, baina, aldi berean, birus informatikoendako errepide ezin hobea da, zabal eta erosoa.

Segurtasun informatikoaren adituen ustez, enpresendako zein ordenagailuekin lan egiten dutenendako arazo handiena birus informatikoak dira, denbora galarazi eta baliabide ugari hondatu egiten baitute. Segurtasun Informatikoaren Nazioarteko Elkartearen arabera, iaz 100 enpresatik gutxienez 99k birusen eraso bat jasan du; duela bost urte kopurua ez zen 25era iristen. Aldi berean, birusak asko ugaritu dira: duela 5 urte 5.000 inguru ezagutzen ziren; gaur egun, berriz, gutxi gorabehera 40.000 daudela uste da, eta hilero 300en bat berri sortzen dira. Gero eta kalte gehiago eragiten omen dute. Estatu Batuetan egindako azterketa batek dioenez, iazko lehen sei hilabeteetan birusek enpresetan 1,2 bilioi pezetako galerak eragin zituzten. 1998. urtean baino 5 aldiz gehiago.

Baina zer dira birus informatikoak?

Birusa programa informatikoa da, programa nagusia kutsatu eta ugaltzeko gaitasuna duena. Bere burua ezagutzera ematen duen arte ezkutuan egoten da, eta une horretan ordenagailuan kalteak, arazoak edo eragozpenak sortzen ditu. Nolako kalteak, ordea?

Birus batzuen eragina eragozpenak sortzera mugatzen da, ordenagailuaren pantailan mezuak agertaraz ditzakete, animazioak abiaraz ditzakete, soinua atera dezakete…, kalteak baino gehiago, traba egiten dute. Bat-batean pantailan agertzen den anbulantzia, noiz-behinka ateratzen den ping-pong pilota, edo eta Brain, Cookie izeneko birusak horren adibide izan daitezke. Kalte txikia baino eragiten duten birusak ere badira, datu-galera eragitetik pasatzen ez direnak. Gehienetan birus horiek erraz antzeman daitezke eta, tresna egokia izanez gero, galdutako informazioa berreskuratzea ez da zaila izaten. Jerusalem birusa, ostirala eta 13 denean erabiltzen diren dokumentuak ezabatzen dituena, horren adibide da. Kalteen araberako sailkapen honetan, garrantzizko kalteak eragiten duten birusak datoz orain: datu-galera, disko gogorrak eta disketeak formateatzea…. Segurtasun-kopiak izanez gero, eragindako kaltea konpontzeko arazo handirik ez da egoten; segurtasun-kopiarik ez badago, aldiz, akabo! Andrew, Azusa, Barrotes, DarkElf horietako birusak dira. Azkenik, oso kalte larriak eragiten duten birusak daude. Horiek bi multzotan bil daitezke. Batetik, erabiltzailea konturatzen ez dela ordenagailuan kalteak gutxika-gutxika eragiten duten birusak daude. Oso larriak dira, segurtasun-kopiak eginda ere, segurtasun-kopia horietan birusak eragindako akatsak ere gordetzen direlako; hortaz, akatsik gabeko kopiak aurkitzeko denboran oso atzera egin beharra izaten da. Bestetik, ordenagailuaren abiatze-sisteman eragiten duten birusak daude, disko gogorra formateatzeaz gain ez dute ordenagailua abiatzen uzten. Chernobyl eta Emperor birusak horren adibide izan daitezke.

Lehen birusen aurrekariak duela 50 urtekoak badira ere, lehen birusak, hau da, ugaldu eta beste programa, ordenagailu edo disko batzuk kutsatzeko gaitasuna duten programak duela 15 urtekoak dira. Diskete bidez kutsatzen zutenez, ez ziren gehiegi hedatzen. Sarearen bidezko lehen birusa 1988ko azaroaren 2an hedatu zen, orain Internet esaten zaion sarea militarrek bakarrik erabiltzen zutenean. Posta elektronikoa erabilita, birus hark hiru ordutan ordenagailu ugariren funtzionamendua moteldu zuen. Gerora, Internet sarea asko hazi da, eta Internet-ekin birusen festa iritsi da: birus gehiago dago, ezkutatzeko sistema ugari erabiltzen dituzte, infekzioaren abiada gehitu dute, infekzio-sistemak konbinatzeko gai diren birusak daude, eta birus-egileek etorkizun oparoa dute, birusak egiteko tresnak eskura edukitzeaz gain, birusa hedatzeko bidea ere badutelako. Beste bide batzuk erabiltzen badituzte ere, posta elektronikoa da birusek erabiltzen duten biderik normalena.

Beraz, birus informatikoei dagokienez, etorkizuna mehatxuz betea dagoela ikusten da. Errealitate berri horren aurrean, unean uneko arazoei irtenbideak ematera mugatzen dira enpresa gehienak, gakoa prebentzioan egon daitekeela pentsatu gabe.

Hala ere, birusak ugaritu eta arriskutsuago bihurtu diren heinean, birusei aurre egiteko tresnak ere hazi egin dira. Kutsatzeko, Internet-ez baliatzen dira, eta birusen aurkako sistemak ere aurre egiteko bide bera erabiltzen dute. Gaur egun, badira birusei aurre egiteko egunero berritzen diren antibirusak, mehatxu berrien aurrean oso ordu gutxitan txertoak sortzeko gai direnak. Euskal Herrian bada horretan diharduen informatika-enpresa bat: Panda Software. Bilboko enpresa horrek arazoaren alde biei erreparatzen die, birusen aurkako prebentzioari batetik eta birusek eragindako kalteen konponketari bestetik.

Ordenagailuetako birusen aurkako borrokari dagokionez, duela 10 urte sortutako enpresa hori Europako nagusia eta munduko hirugarrena da. Birusei aurre egiteko Internet erabiltzen Panda aitzindaria da. Pandako teknikariek gau eta egun jarduten dute birus berrien bila Internet bidez. Pandak bere softwarea garatu du eta babes-zerbitzua eskaintzen du eguneko 24 orduetan. Egunero, Internet bidez, zure ordenagailuaren txekeoa egin dezake eta, gainera, egunero-egunero birus berrien aurkako txertoak automatikoki sartzen ditu zure ordenagailuan.

Baina, nork sortzen ditu birusak?

Zergatik? Erantzun zaileko galderak dira. Behin baino gehiagotan, hala ere, erantzun zaie: kontzientziarik gabeko pertsonak zirela, gazte marjinalak, bizitza sozialik ez duen jendea… baina badirudi errealitatea oso bestelakoa dela. Egin diren ikerketen arabera, birus-egileak pertsona arruntak dira, informatikako jakintza handia dutenak eta, gainera, egiten dutena txarra ez dela uste dutenak. Horrela uste ez badute ere, kaltea, behintzat, egin egiten dute.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia