Hutsetik abiatuta eraikitako genoma
2008/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Craig Venter Institutuan, genoma oso bat eraiki dute hutsetik hasita, Science aldizkarian argitaratu zuten artikulu baten arabera. Ezagutzen den genomarik txikiena duen bakterioaren (Mycoplasma genitalium) genoma eratu dute, basez base. Bakterioari berez dagozkion baseez gainera, DNA artifiziala dela ezagutzeko marka batzuk erantsi dizkiote, genomaren funtzioari eragiten ez dioten hainbat eremutan.
DNA-harizpi luzeak oso hauskorrak direnez, genoma osoaren sekuentzia zatika sortu zuten; hain zuzen, 101 puska sintetizatu zituzten --bakoitza 5.000-7.000 basekoa--. Ondoren, puskak elkarrekin lotu zituzten, lau DNA-hari lortu arte (bakoitza genoma osoaren laurden bat zen). Horretarako, E. coli bakterioaren entzimak erabili zituzten. Lau puska horiek lotzeko eta genoma osoa lortzeko, berriz, legamia bat erabili zuten.
Sintetizatu, bai, sintetizatu dute, baina orain beste pauso garrantzitsu bat eman behar dute egindako lana baliagarria dela frogatzeko: genomarik gabeko bakterio batean sartu, eta gai izan behar du bakterioak genoma berriarekin bizitzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia