Humboldt, Alexander
1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(1769-1859)
Naturalista aleman honen izen osoa Friedrich Wilhelm Karl Heinrich Alexander zen, eta ez da nahastu behar Euskal Herria eta beste hainbat toki bisitatu zituen bere anaia Wilhelm hizkuntzalariarekin.
Gu Alexanderri buruz mintzatuko gara; batez ere Natur Zientziak aztertu eta geofisikaren sortzaile izan zenari buruz.
Alexander Humboldt Berlinen jaio zen 1769ko irailaren 14an. Aita Prusiako Federiko I.a Haundiaren gorteko ofizial zuen eta Tegel-eko gazteluan egin zituen lehen ikasketak. Gero Berlin, Frankfurt eta Gottingengo Unibertsitateetan hezi zen. Hasieran zientziak oro bar eta batez ere botanikak erakartzen zuen.
1790ean egin zuen bere lehen bidaia. Europako mendebaldean ibili zen, bertan zientzilari ospetsuak ezagutu zituelarik. Bidaiatik itzulita, Freiburg-eko Meatzaritza Eskolan matrikulatu zen eta bertan Werner-en neptunismoa ederki ikasi zuen. Geologi eta meatze-injinerutza landu zituen.
1792tik 1799rarte, Alexander Humboldt Prusiako gobernuaren meatze-ikuskari izan zen. Bayreuth-en lan bikaina egin zuen eta tarteka korronte elektrikoak giharre eta nerbiotan zeukan eragina aztertzen ere aritu zen; Galvanik aurkitu berria zuen fenomenoa aztertzen, alegia. Galvanik Voltarekin izandako eztabaidan, Humboldt Galvaniren alde atera zen eta ezaguna da auzi hartan Voltak zuela arrazoi.
1796an, ama hil egin zitzaion. Harengandik jasotako ondarea zela eta, bizimodua ateratzeko derrigor lana egin beharrik ez zeukan. Horregatik, bidaiak egiteko zeukan joerari amore emanda, berebiziko ibilaldiak egin zituen.
Parisen zientzi materiala erosten ari zela, Aime Bonpland naturalista ezagutu zuen. 1798an biak joan ziren handik Espainiara. Iberiar meseta eta Kanaria irlak aztertu zituzten. Madrilen bi zientzilariek Espainiak Ameriketan zituen koloniak bisitatzeko baimena lortuta, 1799an Venezuela aldera abiatu ziren. Hasieran gerrauntzi britainiarretatik babestu beharra izan zuten, Napoleonen gerrak orduantxe hastear zeudelako.
Hurrengo bost urteetan zehar, ia hamar mila kilometro egin zituzten Ertamerikan eta Hegoamerikan landareak biltzen, metereologiari buruzko datuak jasotzen, Lurraren eremu magnetikoa aztertzen eta geofisikarekin zerikusia zeukan beste hainbat arazo ikertzen.
1800. urtean Venezuelako Llanos lurraldea zeharkatu eta Cassiquiare ibaia aztertu zuten. Ibai horrek izan ere, Amazonas arroko urak Orinoco arrokoarenekin elkartzen ditu. Bi ibai garrantzitsu horiek elkartuta zeudela aurkitu zuten, beraz.
1801ean Humboldt eta Bonpland Kolonbian ziren eta 1802an Chimborazo sumendia aztertu zuten. 6.272 metro dituen arren, bi zientzilariek 5.610 metroko altueraraino behintzat heldu ziren. Amerikako sumendiei buruz, lerrokatuta zeudela zioen, lurrazaleko eten sakon baten norabidean baileuden.
Peruko Amazonas arroan ibili ondoren, Hegoamerikako mendebaldeko kostan itsasoak zeuzkan korronteak aztertu zituen. Horregatik du Humboldt izena hango itsas korronte batek.
Ameriketako indiarren antzinako arrastoen berri ere eman zuen eta Peruko guanoa ongarri gisa erabiltzeko ekarri zuen Europara.
Europara itzuli baino lehen 1803 eta 1804. urteetan Mexiko eta sortu berria zen Estatu Batuetara joan ziren bi zientzilari bidaiariak. Han Jefferson lehendakaria ikusteko parada izan zuten.
Ameriketako bidaia hartan jasotako datuak aztertzen beste hogei urte eman zituen Humboldtek.
Dena den, 1807an Parisen bizi izan zenean Ameriketako bidaiei buruzko hogeita hamar libururen idazketako zuzendaritzan aritu zen. Gay-Lussac-ekin batera atmosferaren konposizioa aztertzeko ikerketa batzuk ere egin zituen.
Napoleon erori zenean, Humboldt Prusiako Federiko III.aren zerbitzura jarri zen. Diplomazi lanetan ibili zen eta ondarea agortzen ari zitzaionez gero, Berlinen ordainduta lanean hasi behar izan zuen 1827an.
1829an Errusiako Nikolas I.a tsarrak gonbidaturik, Asia aldeko lurraldeak ikertu zituen. Dzungaria eta Altain-n ibili zen.
Azkenean, hirurogeita hamar urte beterik zituela, bere bizialdian jasotako ezagumenduak antolatzeari eta taxutzeari ekin zion. Helburua dena lan batean, Kosmos izenekoan biltzea zen. Lurra benetan ikuspegi kosmikotik aztertu nahi zuen, gorputz bakarreko multzo bat bezala kontsideraturik. Ekologiaren sortzaile dela esan daiteke, beraz. Bere helburua lortu zuen, nahiz eta Kosmos-en bostgarren liburukia Postdam-en 1859.eko maiatzaren 6an hil ondoren argitaratu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia