}

Hubble-n konstantea neurtzen bukatu dute

2001/06/12 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Hubble teleskopioaz neurtu da galaxien urruntze-abiadurarekin lotutako konstantea.

Edwin Hubble astronomoak (1889-1953) unibertsoa hedatzen ari dela ikusi zuen eta zabaltze horren abiadura kalkulatzen saiatu zen. Abiadura horretarako formula idatzi zuen. Fomula sinplea zen, baina konstante baten balioa zehaztu gabe zeukan. Astronomo asko hasi ziren Hubble-n konstantearen kalkulua egiten.

Hubble teleskopioak 11 urte eman ditu lan horretan, jaurti zenetik ari delako neurtzen. Tresna ahaltsu hori erabili baino lehen, Hubble-n konstantearen balioa segundoko eta parsec-eko 50-100 kilometroko tartean zegoela uste zen. Dena dela, tarte horretako balio txikienarekin ondoriozta daiteke unibertsoko elementu batzuk unibertsoa bera baino zaharragoak direla. Zientzialari askoren ustez, handiena handiegia da.

Zefeida izarretan oinarriturik egindako neurketa baten bidez, konstantea 72 kilometro segundoko eta parsec-eko kalkulatu da. Adituen arabera, oso balio erreala dirudi. Dena dela, lanari ekingo diote erreala izateak ez duelako esan nahi zuzena denik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia