}

Hubble, gero eta urrunago

1999/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

1996. urtean Hubble espazio-ontziko WFPC2 kameraren bidez Eremu Sakoneko Irudiak lortu ahal izan ziren eta ordura arte ezezagunak ziren galaxia urrunak ikusi ahal izan ziren. Argazki hauek 30 magnitudeko galaxiak atzeman zituzten eta, beraz, Lurretik Ilargian piztutako zigarroa ikustea bezalakoa izan zen. Galaxia urrunenak, ordea, puntu urdin txiki batzuk bezala baino ez ziren agertzen.

Iragan urtarrilan ordea, Hubble-ren begia unibertsoan gehiago barneratu zen. Eremu Sakoneko irudiaren zona bat oraindik bereizmen handiagoz ikusi ahal izan zuen infragorrizko NICMOS kameraren bidez. Infragorrizko kameraren bidez galaxien Gorrirantzko Lerradurak jaso ditu Hubble-ek eta esposizio motzagoak egin arren askoz irudi hobeak lortu ditu.

NICMOS kamerak lortutako irudian unibertsoaren adina orain duenaren % 5a zenean zegoena ikus daiteke, Arizonako Unibertsitateko R. Thompson astronomoak dioenez. Aztertutako zonan lehen ikusi ezin zitezkeen 100 galaxia baino gehiago ikus daitezke. Irudi hauei esker astronomoek unibertsoaren eboluzioa aztertu nahi dute gaur egungo egitura izatera nola iritsi zen ulertu ahal izateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia