}

Hozte globala

2008/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hozte globala
2008/05/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Erupzio bolkaniko izugarri batek klima hoztu bide zuen seigarren mendean. Groenlandiako eta Antartikako izotzean erupzioaren aztarnak aurkitu ditu nazioarteko ikertzaile-talde batek. Geophysical Research Letters-en argitaratu duten datazioaren arabera, 533-536 urteen bitartekoa da aztarna. Urte haien inguruko hainbat kronikak elikagai-eskasia eta eguraldi hotza aipatzen dituzte, eta erupzio izugarri hura izan liteke zergatia.

Aztarna sulfato-ioien geruza mehe bat da, sumendiren batek aireratutako sufre dioxidotik eratorria, eta Ipar zein Hego hemisferioko izotzetan aurkitu dute. Horregatik, erupzioa ekuatoretik hurbil gertatu zela ondorioztatu dute, nahiz eta ez dakiten zein sumendik eragin zuen. Aztarna-kopurua ikusita, azken 2.000 urteetako erupziorik bortitzena izan zelakoan daude.

Badira idatziak garaitsu hartan Irlandan izandako ogi-eskasiaz, Txinan udan jausitako elurraz edo Asiatik Danimarka bitarteko izurriteez hitz egiten dutenak; baita zuhaitzen hazkuntza moteldu zela eraztunen bidez adierazten duten erregistroak ere. Datu horiek eta izotzetako aztarnak parean jarrita, sumendi baten erupzioak ia mundu osoko zeruak partikulaz bete eta eguzkiaren indarra moteldu egin zela diote ikertzaileek.

1
242
2008
5
005
Klimatologia; Paleontologia
Berriak labur
5

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia