Hotza Antartikako ornogabeak hiltzen ari da
2002/01/14 Elhuyar Zientzia
Lurra berotzen ari dela ehunka aldiz entzun eta errepikatu dugu eta, hara non, Estatu Batuetako zientzialariek Antartika hoztu egin dela adierazi duten. Nature aldizkariaren web gunean argitaratutako ikerketa baten arabera, azken 35 urteetan Antartikako klima hoztu egin da, batez ere udara eta udazkenetan.
Oro har, klima-ereduek beroketa nabarmenagoa iragartzen dute eskualde polarretan, eta hala gertatu da Antartika penintsularrean, baina Antartika kontinentalean badirudi gauzak bestelakoak direla. Chicagoko Unibertsitateko ikertzaileek McMurdo bailara lehorrak aztertu dituzte, Antartika kontinenteko izotzik gabeko eskualde zabalenak, eta 1986tik 2000ra urteko 0.6 gradu zentigradu hoztu direla neurtu dute. Jaitsierak handienak udara eta udazkenean izan dira.
Hain zuzen, udarako tenperaturak Antartikako ekosistema lurtarren motorra dira eta, ondorioz, hozketaren eraginak oso larriak izan daitezke. Ikertzaileen kalkuluen arabera, ornogabe lurtarrak urteko % 10 gutxiago dira. Ornogabe horiek (zizareak batik bat) gabe, sistema trofikoak gainbehera egin dezake. Bestalde, aintziren produktibitatea ere asko jaisten ari dela ikusi dute, hau da, konposatu organiko gutxiago ekoizten dela.
Informazio gehiago:
Animal retreat as Antartic cools
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia