}

Hortzak, elikaduraren lekukoak

2000/04/18 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Historiaurreko gizakiaren elikadura motak aldaketa nabarmenak izan ditu.

Haragia jaten hasi zenean ez zuen fisiologia egokitu behar izan, teknologia baizik

Lehenengo gizakien elikadura hortzen fosiletan azter daiteke. Ohiko azterketa da paleoantropologian. Tanzanian hartutako hortz fosildu batzuk dira aztergai.

Arkansasko unibertsitateko Peter Ungar antropologoak orain arte ikusi den hortzen erabileraren probarik zaharrena aurkitu du. Aurkikuntza Tanzanian izan da, Olduvai haizpitarteko amildegi batean. Ikertzailearen ustetan, horrek antzinako gizakien elikaduraren azterketetan lagun dezake. Orain Ungarrek American Association of Physical Antropology erakundean aurkeztu ditu seinaleak.

Peter Ungarrek eta Fred Grine-k, Arkansasen; Mark Teaford-ek, Johns Hopkins unibertsitatean, eta Alejandro Perez-ek, Bartzelonako unibertsitatean, hortzak aztertzen dituzte, Homo generoaren elikaduraren eboluzioa argitu nahian. Gainera, ikerketa mota horrek eta dietarekin zerikusia duten gaur egungo osasun arazoek beharbada erlazionatu daitezke.

Arrastoak agerian

Hortzak Mary Leakey antropologoak atera zituen Tanzaniako aztarnategitik. Datazioa egin, eta duela 1,8 milioi urtekoak zirela ikusi zuten. Ungar eta bere lankideek garbitu zituzten. Lan horretan aritzen ari zirenean arrasto arraroak ikusi zituzten fosilaren gainazalean. Mikroskopio zehatzetan begiratu zituzten arrastoak. Lerro txiki eta paraleloak ziren.

Marka horiek garbi uzten zuten antzineko gizaki hori zorroztutako tresnaren bat hortzen artean sartzen saiatzen zela maiz. Ungarren iritziz, bazkalondoko zotzaren erabileraren lehen aztarnak dira. Oso zorrotza izan behar zuen tresna horrelako lerroak eragiteko. Seguru asko hezurren zatiak edo harritxoak erabiliko zituzten lan horretarako. Zotzen erabilera Homo generoan aurkitu dira soilik. «Ez dut beste arrazoirik ikusten halako seinaleak hortzetan uzteko», dio Ungarrek «Giza jokaera da erabat, Homo generoarena».

Jokaera hori ez da gaur egungo tximinoengan ikusten. Txinpantzeek batzuetan makiltxoak beste zerbait egiteko erabiltzen dituzte, baina ez zotzen lana egiteko. Ungarrek uste du zotz moduko tresna horiek erabiltzen hasi zirela gizakion dietan haragia gehitu zen ga- raian. Zientzialariak gizakien haragi jate horren probak hezurretan aurkitu izan dituzte, hau da, jaten zituzten animalien hezurretan ebakidurak ikusi dira.

Jada ohitura eginda

Oraingo honetan haragi jatearen frogarik zaharrena aurkitu da, eta, gainera, esan daiteke jandako haragi kantitatea handia izan behar zuela, horrelako seinaleak luzaroan irauten duen ohiturak bakarrik uzten baitu. Gure hortzak ez daude haragia jateko diseinatuta. Beraz, gure arbasoek zotzen erabilera nahitaezkoa izango zuten.

Atapuercako aztarnategian ere higatutako hortzak aurkitu eta aztertu dira. Esan beharra dago aztarnategi horretan aurkitutakoa ez dela hain zaharra, baina Europako zaharrena bai. Europan dagoen klimatologia gogorrari aurre egiteko ezinbestekoa zuten gizakiek haragia. Aurkitutako hortzetan nabaria da. Dena den, beste modu batzuetako erabilera ere igarri dira Atapuercako gizakien hortzerietan. Adibidez, larrua lantzeko erabiltzen zituzten aurrealdeko hortzak gizaki haiek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia