}

Hondoko erradiazioa Fisikako Nobel sarirako

2006/10/03 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

2006ko Fisikako Nobel saria John Mather -ek eta George Smoot -ek jasoko dute Unibertsoaren hondoko erradiazioan egindako lanagatik, hain zuzen ere, mikrouhin-erako hondoko erradiazio kosmikoarekin lan egiteagatik eta erradiazio horrek gorputz beltzaren erradiazioaren forma duela aurkitzeagatik. Hitz potoloak erabili dituzte Nobel Fundazio koek bi fisikari horien meritua azaltzeko; azken finean, COBE satelitearekin egindako lana saritu nahi izan dute.
George Smoot, aurtengo Fisikako Nobel saridunetako bat.

COBE proiektua (COsmic Background Explorer) 1974an jaio zen Estatu Batuetan. Asmoa zen unibertsoaren sorrera ikertzea espazio zabaletik, atmosferak traba egin gabe. Hipotesi onartuenaren arabera, unibertsoa Big Bang eztandak sortu zuen, eta oraindik irauten du eztanda haren arrastoak espazioan. Hondoko erradiazioa da arrasto hori, eta gaur egun mikrouhin-erakoa da. Mather-ek eta Smoot-ek hondoko erradiazioa ikertu zuen lehen satelitearen proiektuan egin zuten lan, COBE proiektuan, hain zuzen ere.

Aurrez egina zuten hondoko erradiazioaren espektroa, mendi garaietan edo baloi aerostatikoak erabiliz. Atmosferak traba egiten zuen, ordea, eta espektro garbia jasotzeko Lurreko atmosferaren eragina saihestu beharra zegoen. Horregatik zen hain beharrezkoa satelite batek jasotzea datuak.

Beraz, satelitea espaziora jaurti behar zuten, noski. Baina bidean oztopo handi bat topatu zuten: 1986an Challenger transbordadoreak istripua izan eta gero NASAk transbordadoreekin egiteko zituen misioak atzeratu egin zituen. Ondorioz, COBE proiektuaren etorkizuna zalantzan geratu zen. Baina proiektuko lantaldeak ez zuen etsi —John Mather-ek ikaragarrizko lana egin omen zuen—. Satelitea jaurtitzeko kohete bat lortu, eta 1989an jaurti zuten.

COBE satelitearekin, unibertsoaren tenperaturaren irudia lortu zuten.
NASA-GSFC

Ahaleginak merezi izan zuen. COBE espazioan jarri eta bederatzi minutura lortu zuten bilatzen zutena, hondoko erradiazioaren espektroa. Espektro hark ikaragarrizko ikusmina sortu zuen; izan ere, gorputz beltz batek igortzen duenaren berdin-berdina zen, eta Big Bang-aren teoriarekin bat zetorren.

Unibertsoaren tenperaturaren irudia

Big Bang-aren ondoren, unibertsoaren tenperatura jaisten joan da. Hondoko erradiazioaren uhin-luzera tenperatura horrekin lotuta dago. Hala ere, tenperatura hori ez da berdina unibertsoaren leku guztietan. Horregatik, hondoko erradiazioa norabide guztietan neurtu zuten, eta unibertsoaren irudia osatu zuten tenperaturaren arabera. Azterketa hark galaxien eta izarren sorrera ri buruzko informazioa ere eman zuen.

COBEk oso zehaztasun handiz jaso zuen zer diferentzia zegoen hondoko erradiazioan unibertsoaren norabide batetik bestera. Eta neurketa haien eta neurketak egiteko tresneriaren arduradun nagusia George Smoot izan zen.

Beraz, COBE satelitearekin hondoko erradiazioan egindako lanarengatik jasoko dute Smoot-ek eta Mather-ek 2006ko Fisikako Nobel saria.