}

Hondartzako harriak kontatzen

1999/09/26 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Internet bitxikerien topaleku da, baina ez bakarra. Hortik kanpo ere mundu zoro honetan aurki daiteke, bai, harritzeko kontakizunik eta pertsonarik. Oraingo pertsonaiak izen eta abizenak ditu. Bera Ingalaterrako Sussex unibertsitateko fisikaria da, Malcolm Cornwal katedraduna. Irakasle honek azken 35 urteak Ingalaterrako Brighton herriko hondartzan dauden harri-koskorrak zenbatzen pasa ditu.

Kalkulua egiteko matematiketako magnitudeen ordena-teoria erabilita, hondartzan 100.000 milioi harri-koskor daudela ondorioztatu du. Inork berak egin dituen kalkuluak gezurtatu nahiko balitu, milaka urte beharko liratekeela adierazi du katedradun britainiarrak. "Segundoko harri-koskorra zenbatzeko gai izango litzatekeen pertsonak 2.500 urte beharko lituzke dauden guztiak kontatzeko".

Erretiro-garaira iristeko asko falta ez bazaio ere —63 urte ditu—, Malcolm Cornwal-ek orain teoria, Mantxako kanalean zenbat litro ur dauden kalkulatzeko eta Brighton-go hondartza estaltzeko zenbat harea-ale behar diren kalkulatzeko asmoa dauka.

7Kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia