Hondakin nuklearrei aurre egiteko teknika berria
2000/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Estatu Batuetako Gobernuak erreaktoretan sortzen den hondakin agortua tratatzeko teknika berria bultzatu nahian ari da, "urtu eta diluitu" deritzana, alegia.
Orain arte erabilitako erregai gehiena birprozesatu egiten zen erabil zitekeen uranioa eta hondakina banantzeko, baina prozesuak eztabaida sortu du, uranioa arma nuklearrak egiteko erabiltzen baita eta erradioaktibitate gutxiagoko hondakinek ingurugiroa poluitzen baitute.
Hegoaldeko Karolinan dagoen Savannah River planta nuklearreko ikertzaileek garatu duten teknikak behe-mailako uranioa eta agortutako erregaia elkar nahasten ditu, ondoren urtu eta lingoteak sortzeko. Estatu Batuetako Energia Departamentuak teknika hau erreaktoreetako aluminio-erregaia tratatzeko teknikarik egokiena zela defendatu zuen.
Labe esperimentalean erregai agortua eta aluminioa 850 ºC-raino berotuko dira, aluminioaren urtze-puntua baino 200 ºC gehiago, hain zuzen ere. Hori eginez gero, hondakinaren bolumena % 70etik gora murriztuko da. Uranio 235aren proportzioak, berriz, % 70etik % 20ra egingo du behera. Lortutako lingoteak lurrazpiko biltegian gordeko dira.
Natraj Iyer-ek, teknologia berria garatzen ari den arduradunak, aipatzen duenez, teknologia honekin aluminioa oinarritzat duen edozein erregai tratatu ahal izango da. Zentral nuklearretan sortzen denarekin, ostera, arazoak egon daitezkeela uste du, erregai agortu gehienak zirkonio-aleazioa baitu eta urtze-puntua 2.000 ºC-tik gorakoa da.
Britainia Handiko bi konpainiak (British Nuclear Fuels eta The UK Atomic Energy Authority konpainiek, hain zuzen) teknika berria garestia dela eta oso praktikoa ez dela diote.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia