}

Hogeita bigarren aminoazidoa

2002/05/24 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Proteinak egiteko pirrolisina aminoazidoa erabiltzen duen bakterioa aurkitu dute Estatu Batuetako zientzialari batzuek.

Ikertzeko asko falta bazaie ere, oro har biokimikariek uste dute biziaren oinarrizko bloke guztiak ezagutzen dituztela; prozesuan parte hartzen duten substantzia-mota guztiak ezagunak direla, alegia. Orain, bakterio batek ohikoa ez den aminoazido bat erabiltzen duela aurkitu dute ikertzaile batzuek. Aminoazidoa proteinak egiteko lehengaia da, eta biokimika klasikoaren arabera, 20 ezberdin daude. Horietako batzuen konbinazio egokiak proteina jakin bat osatzen du, eta konbinazio ezberdin batez beste proteina bat osatzen da. Proteina horiek dira gorputzaren prozesu kimiko guztiak egiten dituztenak: denerako langileak dira.

Langileak denerako izateak mota guztietako erreakzio kimikoen ardura izatea esan nahi du. Aldakortasuna 20 aminoazido horietan datza. Naturak behar duen kimika osoa 20 bloke horietan laburtuta dago; behar den edozein prozesu egin dezake horien konbinazio jakin batek. Baina 1986an zientzialariek hogeita batgarren bat aurkitu zuten, eta orain hogeita bigarrenaren berri izan dute. Selenozisteina eta pirrolisina deritze, hurrenez hurren.

Beharbada, naturak ez du den-dena kontrolpean eta, horregatik, tarteka oinarrizko bloke berriak probatzen ditu. Baina guk uste baino ohikoagoa omen da joera hori. Selenozisteina, adibidez, izaki askotan aurkitu da, bai zenbait bakteriotan bai eta ugaztun batzuetan ere. Pirrolisina, aldiz, ez dirudi oso zabalduta dagoenik.

Baina ugaria edo urria izanda ere, aminoazido berria erabiltzeak horrentzat kode genetikoa izatea eskatzen du. Zelulek pirrolisinak noiz eta non egon behar duen jakin ahal izateko, hori adierazten duen seinalea ezinbestekoa da, hau da, kodoia behar du. Hori ere aurkitu dute Michael Chan biokimikariak zuzentzen duen taldekoek. Kodoi hori garai batean stop seinalea izan zela proposatu dute, zelulak pirrolisinaren kodetzat hartzen 'ikasi' duena. Bakterioaren bitxikeria da ala hori ere uste duguna baino ohikoagoa da?

Biokimikaren oinarriak ere ekartzen dizkigu ezustekoak noizean behin. Harrigarria da: proteinen egituran agertzen diren 22 aminoazido ezagutzen ditugu jada, eta horiek kodetzeko seinaleak ere bai. Agian kimika osoa egiteko betiko hogeiak ez direla nahikoa esan nahi du horrek. Eta, beste urrats bat proposatu arren, noiz aurkituko da hogeita hirugarren aminoazidoa?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia