Hiztegigintza
1997/11/01 Mujika, Alfontso - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Aurreko abuztuan, bidaia antolatu (edo erdi antolatu) horietako batean elkar ezagutu berriak ginen lagun batzuk solasean geundela, hasi zen norbait, opor-talde guztietatara bidaltzen den ditxosozko gogaikarria, bakoitzak zein lan egiten zuen galdezka. Jakina, han denetik zegoen, irakasleak (bat baino gehiago noski), abokatu pare bat, soldatzeko makinen diseinatzailea, betaurreko-diseinatzailea, medikua, argazkilaria… Txanda iritsi zitzaidanean, ez nekien zer esan. Hasi behar badut orain —neure artean pentsatu nuen— Elhuyarren egiten ditugun gauza guztiak azaltzen, aspertu egingo ditut igoal. Enpresan gauza asko, baina nik neuk… Hitzekin lan egiten duenari kosta egiten zaio nonbait aldi berean lan-tresna eta -helburu diren horiekin zer egiten duen adieraztea.
Hiztegiak eta entziklopediak egiten aritzen naizela esanda konformatu nintzen. Egia esan behar badut, inori ez nion “zein lan interesgarria” entzun. Konbentzituta nago ordea, horixe pentsatu zutela. Bakar batek ireki zuen ahoa, katalan batek, zertarako eta lan itsusi eta aspergarri samarra dela esateko, eta erraza gainera, zeren hiztegiak hiztegietatik egiten baitira. Ez nuen txintik atera. Denak niri begira, egiten ari nintzen erridikuluaz konturatu nintzen jakin nahian. Baina ni oporretan nengoen. Gaur goizean, Elhuyarko hiztegigintzaz zer idatzi pentsatzen hasi eta taxuzko ezer bururatzen ez zitzaidalarik, oporretako lagun edo ezagun haren hitzak etorri zaizkit gogora. Bidaia bukatutakoan elkarren helbideak eta telefonoa apuntatzeko ohitura dago bada, gehienetan ezertarako ez, baina oraingo honetan behintzat honako hau hari bidaltzea pentsatu dut:
“ … maitea:
Hiztegiak hiztegietatik egiten direla diozu. Eta ez zaizu seguraski arrazoirik falta. Guk halaxe aitortu dugu Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoa, Euskal Hiztegi Modernoa eta Euskara-Gaztelania/Castellano-Vasco Elhuyar Hiztegia eta Ikaslearen Hiztegia aurkeztu ditugunean eta, zuk ez dituzu ezagutuko baina tira, Azkue, Lhande, Mitxelena, Sarasola, Kintana, UZEI, Adorez, Auñamendi, etab. aipatu izan ditugu, haien zordun baikara. Hiztegi edo entziklopedia bat hutsetik egiten hasi den inozorik ez da mundu honetara sortu.
Zaharrak erabiltzen badira, zergatik egin behar dira berriak? Hizkuntza aldatu egiten delako. Hitzak gure bizitzan sartu eta bertatik atera egiten direlako. Edo oraingoan gazteentzako hiztegi txikia behar dela uste duzulako eta gero itzultzaile eta teknikarientzako handiago bat. Baina ez da hori esan nahi nizuna.
Zuk, katalana izaki, ondotxo dakizu gureak bezalako hizkuntzen egoerak dakartzan ajeak: guk behintzat arazoak ditugu oraindik hau edo bestea euskaraz nola esan behar den edo esan daitekeen jakiteko. Alegia, “normalizatzen” ari gara (“normaltzen” ere esaten da, baina beharbada horretarako esperantza txikiagoa dugu). Eta horregatik, adibidez, 1990ean Hiztegi Entziklopedikoa egiten hasi ginenean, ez zegoen argi euskaraz atzerriko toki- eta pertsona-izenak nola idatzi behar ziren. “Sistema” bat behar zen eta sistema bat proposatuz bi liburu argitaratu genituen, Munduko Toki Izenak eta Munduko Pertsona Izenak.
Ezin gara kexatu proposamen horiek izan duten harrera eta arrakastaz. Edo lexikoan, esaterako, definizio berri mordoa egin behar izan ditugu, euskara bere burua azaltzen azken urteotan hasi denez, hitz batzuen definizioa egin gabe zegoelako, edo zegoenak arazoak zituelako. Edo Euskara-Gaztelania/Castellano-Vasco Elhuyar Hiztegia egitean, gaztelaniazko hitz batzuen ordainak gurearen aurreko inongo hiztegi edo lanetan landu gabe zeudela konturatu ginen. Edo zegoen arazoari oso irtenbide desberdinak, bateraezinak, eman zitzaizkiola ikusita, adituekin kontsultak egin eta irtenbidea proposatu genuen. Eta horrelaxe gabiltza, Euskaltzaindiak halako erabakia hartu duela eta hiztegiratzen, edo euskal testuetan zein komunkabideetan ez dakit zer esateko nagusitu den esamoldearen berri jakin eta hiztegiratzen, edo administrazio publikoan ez dakit zer erabiltzea erabaki dutela eta hiztegiratzen, edo terminologia-lan batean berrikuntzak egin direla eta hiztegiratzen, edo harako itzultzaile hark ez dakit zer itzultzeko ideia pasatu, oniritzi eta hiztegiratzen,… Edo, edo, edo. Eta hori dena zergatik? Argitaratu ditugun lanak behar-beharrezkoak zirela uste genuelako eta dugulako.
Euskaldunok hor hutsuneak genituela iritzita, betetzen saiatu garelako (1993an Hiztegi Entziklopedikoa kaleratu genuenean, euskaraz ez zegoen horrelakorik eta Euskara-Gaztelania /Castellano-Vasco Elhuyar Hiztegia urte askoan horrelako hiztegiak berritu gabe zeudela ikusita argitaratu genuen, 1996an). Eta hori egiteko modurik onena “haika mutil, jaiki hadi, kanpoan zer den mira hadi” da, norberaren zilborrari begira hitzak asmatzen ibili beharrean. Ez dakizu azken urteotan nola loratu den euskarazko hiztegi eta entziklopedien alorra. Orain gauza asko dauzkagu, baita CD-ROMak ere (guk bi argitaratu ditugu).
Eta pozik gaude, hori gerta dadin Elhuyarrek zerbait egin duelako. Baina oraindik makina bat premia ditugu euskaldunok. Elhuyarkideok langintza honetan segitzeko asmoa dugula alegia. Azken gauza bat esan behar dizut: arrazoia izango zenuen beharbada gurea lan zaila ez dela esan zenuenean, eta hiztegiak hiztegietatik egiten direla ere… tira, adiskideak izan gaitezen ondradu egingo dizut pixka bat. Baina ez dakizu zein lan polita den.”
Nire lagun katalanari bidali baino lehen, zuei erakutsi nahi nizuen. Tontakeria handirik balego, abisa, ez nuke haren aurrean erridikulua berriz ere egin nahi.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia