Hizkuntzak ikasteko zenbat eta lehenago hobe
2005/07/17 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Haurrak bi urte inguru dituztenean hasten dira hitz egiten, baina hizkuntza ordurako barneratuta omen dute. Eta, harrigarria dirudien arren, jaio baino lehenago ere bereizten omen dute amak darabilen hizkuntza eta gainerakoak. Izan ere, amaren sabelean dagoenean agian ez ditu ulertuko amak esaten dituenak, baina hizketan duen doinua eta erritmoa ezagutzen ditu.
Azken finean, lehengo barneratzen duguna ama-hizkuntzaren doinua omen da, eta gero ikasten dira lexikoa (hitzak eta horien esanahia) eta hitzen ordena (gramatika). Horregatik, helduaroan, hizkuntza berri bat ikasten denean, hitzak nahiko erraz ikasten dira, baina doinua, oinarrizkoena, zailagoa izaten da. Eta nahiz eta hizkuntza berria nahiko ondo menderatu, doinu egokia ematea zaila izaten da: nabarmen du ama-hizkuntza beste bat duena.
Beraz, haurrak lehenengo hilabeteetan barneratzen ditu errazen hizkuntzak. Dirudienez, hizkuntzarekin erlazionatuta dauden garuneko guneetan (ezker-hemisferioan) aktibitatea frenetikoa da, eta neuronen arteko loturakoso malguak dira. Adinean aurrera egin ahala, ordea, aktibitate hori moteldu egiten da, eta neuronen arteko konexioak zurrundu eta finkoagoak egiten dira. Hori dela eta, geroz eta zailagoa da konexio berriak sortzea.
Haurrak laborategian
Hizkuntza ikasteko gaitasunari dagokionez, bereziki interesgarriak dira haur gorrekin egindako ikerketak; izan ere, entzuteko inplanteak jartzen dizkietenean hizkuntza ‘berri’ bat ikasi behar izaten dute. Horren gaineko ikerketa bat plazaratu dute Indianapolisko ikertzaile batzuek, eta, horien esanean, haur gorrei bi urte bete baino lehen komeni da jartzea inplantea; izan ere, hortik aurrera hizkuntza ikasteko gaitasuna murrizten joaten da.
Jakina zen haurrek bi-hiru urte bete bitartean jasotzen dutela hizkuntzaren oinarria, baina ezustekoa izan da ikustea ondoren hainbeste jaisten dela hizkuntza ikasteko gaitasuna.
Ikerketa inplantea egin dieten lau urte bitarteko 96 haurrekin egin dute. Dirudienez, bi urte bitartekoek erraz ikasten zuten hizkuntza; hiru eta lau urte bitartekoek, berriz, motelago. Hori ikusita, inplanteak ahal den heinean bi urte bete baino lehen jartzea komeni da ikertzaile horien esanean. Euskal Herrian, esate baterako, hamabi bat hilabeterekin jartzen zaie inplantea haur gorrei.
Dena dela, zeinuen hizkuntza ikasteko ere garairik aproposena hori da; eta zenbait gorren elkartek erantzun diete ikertzaile horiei inplantea jarritakoan ez dela zeinuen hizkuntza alde batera utzi behar. Kontua da, inplantea jarri ala ez, gor asko oso berandu hasten dela zeinuen hizkuntza ikasten, eta, ondorioz, gehiago kostatzen zaiela.
Gorrei belarriaren koklean (barraskiloan) jartzen zaie inplantea. Azken finean, ohiko belarri batek duen antzeko funtzionamendua bultzatzen du: kanpoko soinua seinale elektriko bihurtzen da. Inplantea egin ondoren, garunak seinale elektriko hori interpretatzen ikasi behar du; hau da, soinuei esanahia aurkitu behar die.
Aurrez ere egin izan dira beste ikerketa batzuk hizkuntzarekin harremanik izan ez duten haurrek nolako gaitasuna duten ikusteko; baina esperientzia traumatikoak izan dituzten haurrekin izan dira: bakarrik hasi diren haurrekin edo ia kasurik egin ez zaienekin. Eta horietan ikusi da asko kostatzen zaiela hizkuntza bereganatzea. Baina kasu horietan beste aldagai batzuk ere izan behar dira kontuan: haur horiek maitasun falta ere izan zuten, eta jendearekin zuten harremana oso berezia zen. Ondorioz, ikerketa horietatik ateratako emaitzak ezin ziren estrapolatu bizitza normala izan duten haurretara.
Haur txikiekin lan egitea ez da erraza, ahalik eta esperimentu sinpleenak erabiltzea komeni baita. Esate baterako, haur jaioberri batek ama hizkuntza beste batetik bereizten duen jakiteko, honela egiten dute: zupaki edo tetina bati tiratzeko egiten duen indarrari eta maiztasunari begiratzen diote, horrek atentzioa jartzen duen ala ez erakusten baitu. Haur handiagoek hitzen esanahia eta esaldiena ulertzen duten jakiteko, berriz, marrazki bizidunak eta haurrentzako telebistako saioak erabiltzen dituzte: haurraren begien mugimenduari jarraitzen diote nora begiratzen duen jakiteko. Hala, entzuten duena zein irudirekin lotzen duen jakiten dute.
Dirudienez, haurrak hizketan hasten denerako, hizkuntza bereganatu samar du. Lehenengo hitza esan aurretik, soinuekin jolasean aritzen da; jostailu bati edo gurasoen hatz bati heltzen ikasten duenean bezala, ikasketa-prozesu bat dago: saiatu eta saiatu egiten da, batzuetan ez du asmatzen, eta besteetan bai. Horregatik, hasiera batean haurrak soinutxoak egiten ditu —kontutxoak esaten hasten da—, eta geroago hasten da hitz osoak esaten.
Era sinple eta eraginkorrean ikasten dute haurrek hizketan; eredu izan daitezke robotek hizketan ikas dezaten. Baina ikuspegi horretatik kontua ez da zirudien bezain sinplea.
7K-n argitaratua.