}

Historiaurreko hezurrezko tresnak Hegoafrikan

2001/11/14 Araolaza, Oier - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa | Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Hegoafrikako aztarnategi arkeologiko batean aurkitu dituzten hezurrezko tresnak erakutsi ditu Arizonako Unibertsitateak. 70.000 urte inguru dituzte tresna horiek, eta, beraz, hezurrak landu eta tresnak egiteko teknologia uste zena baino zaharragoa dela ikusi da.

Orain arte ezagutzen ziren hezurrezko tresna zaharrenak Goi Paleolitokoak ziren, hau da, asko jota orain dela 35.000 urte ingurukoak. Gainera, Hegoafrikako tresnak agertu arte, ezagutzen ziren hezurrezko tresna zaharrenak Europan aurkitu izan dira. Azken aurkikuntza horren arabera, hezurrezko tresnak egiteko teknologiak Afrikan izan dezake jatorria.Teknologia horien ezagutzaren aztarnak Europan baino 35.000 urte lehenago Afrikan agertzeak eragina izan dezake lehenengo gizakien eboluzioaren eta migrazioen inguruan dauden hipotesietan.

Hipotesi baten arabera, gizakiak bat-batean garatu zuen
sormena. Geroago, gizakia Afrikatik atera zen Europan eta Asian barreiatzeko. Hipotesi horren aldekoek, hala ere, ez dakite zenbat denbora pasatu zen sormenaren garapenetik migrazioak hasi ziren arte; Hegoafrikan topatutako 70.000 urteko tresna horiek lagungarri izan litezke galdera horri erantzuteko.

Dena dela, tresna horien datazioa zalantzan jarri dute hainbat adituk. Tresnak hondarretan lurperatuta aurkitu ziren, eta hondar hori izan da arkeologoek analizatu dutena. Baina, agian, tresna horiek hondar horren azpiko geruzetara sartu dira urteen poderioz; hori gertatu den ala ez argitzeko, tresnen adina ere analizatu beharko litzateke. Paleoantropologoek inguruko kobazuloetan ere induskatu nahi dute, antzeko tresna gehiagoren bila.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia