}

Himenopteroen pozoiari alergia

1996/05/01 Amezaga, Cristian | Bidaurrazaga, Joseba Iturria: Elhuyar aldizkaria

Askori harrigarria gerta dakiokeen arren, intsekturen baten eztenkadak heriotza eragin dezake. Eta horrela gertatzen da kasu askotan. Nolanahi ere, ez genuke hemen alarmarik sortu nahi, hori gerta dadin baldintza zehatz batzuk gertatu behar baitira. Alergiaz sarri-sarri hitz egin da azken bolada honetan eta horietako kasu bat ekarri nahi izan dugu tarte honetara.
Landa-liztorrak habiak zuhaitzen adarretatik esekitzen ditu eta liztor guztiek bezalaxe, mehatsuari erantzunez egiten du eraso.

Himenopteroaren (erle, liztor, erlastar zein kurubioaren) eztenkada bakar batek iragankorra den mina eragiten du gizaki osasuntsuan. Aitzitik, himenopteroen pozoiarekiko alergikoa den pertsonarengan ez da horrela gertatzen; kasu horretan, eztenkadak heriotza ere eragin dezake. Ezagutzen den lehen kasua Menes erregearen (K.a. 2641. urtea) da. Bere heriotzaren zergatia hilarrian irakur daitekeelako jakin da: “intsektu baten eztenkadak eragin dio heriotza”. Geroztik makina bat joan da eta gaur egun ere bai. Esaterako, 40 bat lagun hiltzen da urtero eztenkada horien ondorioz EEBBetan, 11 Suitzan eta 1958tik 1965 bitartean 78 hil ziren Frantzian.

Kasu klinikoa: azterketaren abiapuntua

28 urteko gizonezko batek 3 urte daramatza erlazain. Erleen zenbait eztenkada jaso ditu, baina eztenkaden kopurua ez da zehazten; oso mingarriak izan diren handipen arinak eragin dituzte eta orbainik utzi gabe osatu dira. Azken aurreko eztenkada besoan jaso zuen; bi giltzadura harrapatu zizkion handipena eragin zion horrek eta zenbait egunen ondoren, botikarik hartu gabe osatu zen. Azkena zoroan bakarrik zegoela gertatu zen; erle batek ziztatu zion eta berehala gorputz osoan hazkura (geroago urtikaria bilakatuko zena), jarraian oka egin eta zorabioa jasan zuen. Zehazterik ez duen denbora-tartea igaro ondoren, anbulategira jo zuen eta bertan, kortisona eta antihistaminikoak eman zizkioten. Ordu batzuk geroago bere onera itzuli zen.

Kontsultan hainbat neurketa egin eta ondoko emaitzak lortu zituzten: sedimentazio-abiadura, hematimetria eta seroko IgE-a normalak izan ziren eta, erlearen kontrako IgE espezifikoa eta larruazaleko frogak oso positiboak izan ziren. Erlearen pozoiaren aurkako inmunoterapia berezia jaso zuen.

INTSEKTUAK HIMENOPTEROAK
APIDOAK BESPIDOAK FORMIKAZEOAK

Erleak
Erlastarrak

Liztorrak
Polisteak

Inurriak

Entomologia

Gaur egun 800.000 intsektu-espezie desberdin ezagutzen dira. 34 ordenatan sailkatzen dira eta horietarik bat himenopteroen ordena da, hots, mintzezko hego pare bi dituzten intsektuak biltzen dituena.

Himenopteroen ordenean akuleatoak daude, hau da, ezten-kolpea emateko gai diren intsektuak. Horien artean, liztorrak, landa-liztorrak, erleak eta erlastarrak daude.

Himenopteroen ordenean akuleatoak daude, hau da, ezten-kolpea emateko gai diren intsektuak. Horien artean, apidoen (erleak, erlastarrak), bespidoen (liztorrak, landa-listorrak, dolicovepulak...) eta formikazeoen (inurrien) familiak daude.

Apidoen familian erleak ( apis mellifera ) ditugu; gorputz iletsua eta marroia dute eta arpoi itxurako eztena. Abaraskatan bizi dira eta bertan eztia, argizaria eta polena gordetzeaz landa, erregina babestu, elikatu eta bere larbak zaintzen dituzte. Eraso eginez gero, agresiboki erantzuten dute. Familia berean daude erlastarrak, erleak baino handiagoak dira eta gorputza iletsua dute. Horien bereizgarria hegan egitean sortzen duten zarata da. Harrietan edo lurpean bizi dira, 50-100 ale biltzen dituzten habiatan. Erleak ez bezala, erlastarrak ez dira batere erasokorrak.

Bespidoen familian liztor arrunta ( vespula vulgaris ) da nagusia. Intsektu liraina da eta ezten leun batez amaitzen den abdomenean xingola hori eta beltzak ditu. Habiak lurpean egiten ditu eta ale asko biltzen dira bertan (5.000 edota 25.000). Liztorren eztenkada oso mingarria izaten da, baina gizakiaren mehatsuari erantzunez soilik egiten dute eraso. Antzeko erreakzioa izaten dute familia bereko landa-liztorra ( polistes gallicus ) intsektuek ere. Aurrekoaren ezaugarri beretsuak ditu, baina bere habiak zuhaitzen adarretatik esekitzen ditu. Liztor guztiek bezalaxe, mehatsuari erantzunez egiten dute eraso.

SUBSTANTZIAK ERLEAK LIZTORRAK ERLASTARAK
Amina-basoaktiboak

Histamina

X X X

Dopamina

X X

Serotonina

X X

Noradrenalina

X X

Azetil Kolina

X

Efedrina

X
Amina eta peptido toxikoak

Melitina

X

Apamina

X

MCD-peptidoa

X

Minimina

X

Kinina

X X
Osagai entzimatikoak

Fosfolipasa A

X X X

Fosfolipasa B

X X X

Hialuronidasa

X X X

Fosfatasa azidoa

X X

Esterasak

X X X

Glucidasak

X X

GPAA

X X X

Antigeno

X
2. taula. Himenopteroen pozoiaren osagai kimikoak.

Arrisku-taldeak

Jakina denez, edonork jasan dezake himenopteroen eztenkadarik, baina arrisku-taldeak osatzen dutenek arreta berezia behar dute. Erlazainek esaterako, intsektuekin zuzeneko kontaktua dute eta eztenkaden aurrean alergiazko sintomak azaltzeko joera handia dute. Aurrekari pertsonalak edo familiakoak aurkezten dituztenek ere erreakzio larriak pairatu ohi dituzte. Zoroan, mendian edo naturarekin zuzenean lan egiten dutenek bigarren arrisku-taldea osatzen dute. Azkenik, aurretik eztenkadarik jaso duen edonork egoera arriskutsuan dago, bigarren eztenkadak erreakzio larria eragin diezaioke eta.

Gaixotasunaren zergatiak

Himenopteroen guruinetako pozoiak zenbaitetan lekuko manifestazioak eta gorputz osoko erreakzioak eragiten ditu. Dena dela, ez dira kasu guztietan erreakzio berak gertatuko, pozoiaren konposaketa eta pertsonaren ezaugarriak desberdinak direlako.

Himenopteroen pozoiaren osagaiari dagokionez, hiru multzo egin daitezke (ikus 2. taula): amina-basoaktiboak, amina eta peptido toxikoak eta osagai entzimatikoak. Lehen multzoko osagaiek erreakzio mingarria sortzeaz gain, handitzea, gorritzea eta intentsitatearen eta lekuaren arabera, funtzioen galera ere sor lezakete. Amina eta peptido toxikoek, ezaugarri neurotoxiko, hipotentsore eta alergiak eragin lezakete. Azkenik, osagai entzimatiko ugarik, ondorio larriak izan dezaketen eragin alergiko latzen erantzule izan daitezke.

Pozoiaren osagaiez gain, beste faktore asko hartu behar da kontuan. Pertsona alergikoen adinak arrisku-faktore garrantzitsua denik ez dirudi. Sexuari dagokionez, eztenkaden % 60 gizonezkoetan gertatzen da, beharbada intsektuen aurrean maizago paratzen delako. Norberaren aurrekariak aztertuta, % 48k aurreko eztenkadaren batek sortutako erreakzio lokala gogoratzen du, % 25ek erreakzio orokorra eta % 7k ez du aurreko eztenkadarik gogoratzen.

Argazkiko erlastarra bezalako himenopteroen eztenkadaren ostean halabeharrezko ondorioa da eztenkadaren lekuan mina izatea. Gehienetan ez du bestelako ondoriorik sortzen eta berehala osatzen da.
J. Larrañaga

Ziztatutako pertsonen % 27k elikagairen bati alergia dio, % 11k penizilinari eta % 10ek polenari. Familiaren aurrekariak aztertuta, ziztatutako pertsonen % 45 polenari alergia dioen sendikoa da eta % 12 himenopteroen eztenkadaren ostean erreakzio orokorra jasan duten familiako kidea da.

Manifestazio klinikoa

Himenopteroen eztenkadaren ostean halabeharrezko ondorioa da eztenkadaren lekuan mina izatea. Normalean ez du bi ordu baino gehiago irauten eta ingurua handitzearekin eta gorritzearekin batera gertatzen da. Ez du bestelako ondoriorik sortzen eta berehala osatzen da.

Himenopteroen pozoiari alergia diotenen artean, ordea, guztiz bestelakoak dira sintomak, erreakzioa lekukoa edo orokorra izan daitekeelarik. Lehenengo kasuan erreakzioak ez du alboan dauden bi giltzadura baino gehiago harrapatzen duen atal anatomikoa gaindituko. Eztenkada eta manifestazio klinikoen arteko denbora minututakoa da eta zenbait orduren buruan sintomak erabat desagertzen dira.

Sintomatologia orokorra oso era desberdinetan azaltzen da. Berehalako erreakzioa minutuan ager daiteke eta IgE motako antigeno-antigorputzaren erreakzio bati loturik dago.

Berehalakoaz gain, eztenkada gertatu eta hamabost bat egunera azaltzen den erreakzio berantiarra ere gerta daiteke, oso arrunta ez bada ere. Erreakzio hori sortzen duen substantzia IgE-rekin loturik ez dagoen antigeno-antigorputza dela uste da. Horren sintoma klinikoak Guillain Barre-ren sindromea, entzefalitisa sor dezakeen galera intelektuala, meningeetako sindromea, glomerulonefritisa, etab. izan daitezke.

Hasieran esan bezala, intsektu horien eztenkadak heriotza eragin dezake zenbait kasutan. Horren aurretik, shock anafilaktikoa eta tentsioa jaistea, edema barreiatzea, konortea galtzea, adimena galtzea eta koma-egoerak eman ohi dira.

Diagnostikorako urratsak

Pertsona bat himenopteroen pozoiarekiko alergikoa den aztertzeko hiru froga nagusi egin behar dira: anamnesia, larruazaleko frogak eta seroko ikerketak. Anamnesia zehaztu ahal izateko, eztenkadari buruzko datu asko bildu behar dira, hala nola, eztenkada eragin duen intsektua himenopteroa edo bestelakoa izan den, erreakzio toxikoa izan den ala ez (intsektu askok aldiberean ziztatu izanaren ondorioa) edota erreakzio alergikoa den.

Historia klinikoa osatzeko larruazaleko frogak egin behar dira. Horrek prestakuntza berezia eskatzen du, froga horiek egin eta gero sortzen diren arriskuez landa, emaitzak interpretatzeko orduan ez dadin okerrik gerta.

Azkenik, seroaren ikerketak egiten dira, hau da, himenopteroen pozoiari espezifikoak diren IgE-aren neurketan oinarritutako frogak.

SINTOMAK%

Hazkura orokorra
Urtikaria gorputz osoan
Edema barreiatua
Disnea
Ahultzea
Presioa jaistea
Konortea galtzea
Gorakoa eta beherakoa
Takikardia
Angustia sentsazioa
Buruko mina
Bestelakoak

53
46
43
42
30
27
26
18
17
14
12

Tratamendua

Larrialdiko tratamendua eztenkadaren lekuan izotza jartzea da eta ahalik eta arinen ospitalera joatea edo eramatea. Horrez gain, eztena ahalik eta azkarren kentzea aholkatzen da; izan ere, zenbait kasutan eztena arpoi itxurakoa da eta zenbait uzkurketetan jariatzen du pozoia, 5 eta 10 minutuz. Pertsonaren aurrekariak aztertuta, erreakzio orokorra jasan ote dezakeen jakingo dugu; horrela denean, torniketea jarri eta larruazalaren azpitik 0,4 ml adrenalina sartu behar zaio, hankak altxata dituela itzalean etzanaraziz. Behar izanez gero, kortisona eta antihistaminikoak ere erabil daitezke.

Larrialdiko tratamendua eztenkadaren lekuan izotza jartzea da eta ahalik eta arinen ospitalera joatea edo eramatea. Horrez gain, eztena ahalik eta azkarren kentzea aholkatzen da.
M. Aizpurua

Alergikoak diren pertsonengan tratamendurik ohikoena tolerantzia eragitea da, hau da, aurretik zehaztutako dosia gehitzen joatea, betiere norberaren aurrekarien arabera eta medikuaren kontrolpean.

Prebentzioa

Esan beharrik ez badago ere, urrezko araua itsektu horiengana ez hurbiltzea da. Alabaina, hori ez da beti dirudien bezain erraza gertatzen, udaberrian edo udan itsektuak baitira guregana hurbiltzen direnak eta ez alderantziz. Ahal delarik, arropa koloretsua eta intsektuak erakartzen dituzten lurrin usaintsuak edo koloniak ez ditugu erabiliko eta abaraskatatik edo ukuiluetatik urrunduko gara. Eguraldiari ere erreparatu behar zaio, giroan karga elektriko handia dagoenean, intsektuek erasorako joera handiagoa izaten baitute.

Bestalde, “arrisku handikoa” dela dakienak, eraman beza berarekin adrenalina, antihistaminikoak eta kortisona, agian lagungarri gertatuko zaio eta.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia