}

Hilekoaren egiak eta gezurrak

1998/09/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hilekoari (edo menstruazioari) buruzko uste eta sinesmen batzuk belaunaldiz belaunaldi joan dira pasatzen, eta gutxitan geratu gara, atseden apur bat hartu eta mito horiek ea egiazkoak diren pentsatzera, ea horren atzean arrazoirik ba dagoen ikustera. Zeren eta honelako gehienak oso negatiboak baitira emakumearentzat, gehienetan ikuspegi oro murritza eskaintzen dutelako.

Emakume gehienentzat, duten adina albo batera utzita ere, hilero-hilero menstruazioarekin duten zita edo hitzordua nahikoa molestoa eta deserosoa izaten da. Eta disgustuko sentsazio hori areagotu egin daiteke hainbat informazio oker direla medio; ordua da, horregatik, aspaldidanik joan-biran dabiltzan mito eta sinesmen faltsu horiek hausteko.

Tabuak albo batera utziz

Zenbait autorek diotenez, hilekoaren egunetan emakumeak bere barru-barruan feminitatearekiko halako errefusatze bat sentitzen du, higuin horren adibiderik nabarmena menstruazioarekin (eta bide batez baita umeak egiteko gaitasunarekin ere) lotuz. Beste batzuentzat, ordea, egun horietan agertzen diren aldaketak emakumeak bizi dituen desoreka hormonalen ondorioa dira.

Ondoren, jende xehearen artean, menstruazioaren inguruan dabiltzan informazio batzuk aztertu ditugu, zuzenak batzuk, okerrak eta zentzurik gabekoak besteak.

Hilekoak beti mina ematen al du?

Ez, noski; badira hilekoa dutela odol-galerarengatik soilik konturatzen diren emakumeak. Beste batzuentzat, ordea, hilekoa beti minarekin lotuta dator, horri "dismenorrea" esaten zaio. Mina sabelaren behealdean agertzen da, eta batzuetan iztarretara edo bizkarraren beheko aldera, giltzurrunen parera zabaltzen da.

Harreman sexualak edukitzeak ez du inolako eraginik hilekoan, ez onerako, ezta txarrerako ere.

Nafarroako Klinika Unibertsitarioko Ginekologiako burua den Guillermo López doktoreak dioenez, "badirudi dismenorrea primarioak, inolako gaixotasun ginekologikorekin lotuta ez daudenak, egun horietan ohizkoak diren kontrakzioak (normalean baino gogorragoak) sortzen direnean umetokiaren gainean egiten den presioari zor zaizkiola. Horrekin batera, aldaketa hormonalak eta baita arrazoi psikologikoak ere aipa daitezke minaren erantzule bezala."

Sindrome premestruala emakume guztietan izaten al da?

Hilekoaren aurreko sindromea (edo sindrome premestruala) esaten zaio emakumeak hilekoa baino egun batzuk lehenago (batzuetan baita 15 egun lehenago ere) nabaritzen dituen molestien multzoari: suminkortasuna, tentsioa, depresioa, nekea, mina bularretan, likido-erretentzioa, bizkarreko mina, etab. Ez da derrigorrean dismenorrearekin lotuta agertzen. Badira sindrome premestruala duten emakumeak eta minik sentitzen ez dutenak, eta alderantziz.

Harreman sexualekin minak desagertzen al dira?

Argi eta garbi esan beharra dago: harreman sexualak edukitzeak ez dauka inolako eraginik gure gai honetan, ez onerako, ezta txarrerako ere.

Baina, egia da, bestalde, emakumeak haurdunaldiak eta erditzeak badauzka, umetokiaren gainean egiten den presioa gutxitu egiten dela, eta horrek bide batez mina desagertzera eraman dezake.

Alkoholak molestiak arintzen al ditu?

Inguruko egoerak hilekoa aurreratzen edo atzeratzen duela baieztatu da.

Kopa bat baino gehiago edatea analgesikoa eta anestesikoa gerta daiteke. Bestalde, ikerketa batzuek frogatu dutenez, eragin baso zabaltzailea eduki omen dezake, eta horrek odolaren kanporaketa erraztuko luke, baina argi dagoena zera da, hilekoaren mina arintzeko tratamendurik onena ez dela alkohola.

Hileko ugariak anemia adierazten al du?

Ez da horren adierazle, anemiaren arrazoi posibleetako bat baizik. Gehiegizko odol-jarioak edo koagulo gehiegik burdin galera handiegia ekar dezakete, eta horrek anemia baten arriskua dauka berarekin. Odol-galera ugariekin batera, emakumea ohi baino nekatuago baldin badago, ilea normalean baino gehiago erortzen bazaio edota azazkalak hauskorragoak baditu, komeni da horren guztiaren berri ginekologoari ematea.

Posible al da hilekoa eduki arren haurdun gelditzea?

Normalean, emakumea antzua da hilekoaren egunetan, baina medikuntzan gauzarik absurduenak ere posible izan daitezke.

Komeni al da egun horietan harreman sexualak edukitzea?

Menstruazioa bitartean sexu-harremanei frenua jartzeko faktore bakarrak norberaren (eta bikotekidearen) lehentasunak edo gustuak dira. Ez dago harreman sexualik ez edukitzea agintzeko inolako arrazoirik, osasunaren edo higienearen aldetik. Izan ere, emakume batzuentzat mesedegarria izan daiteke, molestia menstrualak arintzen laguntzen duelako.

Stresak, urduritasunak edota ustekabe gogorren batek aurreratu edo atzeratu al litzake hilekoak?

Ginekologoek diotenez, sarritan ikusten da emakuemari hilekoa aurreratu edo atzeratu egin zaiola inguruko egoera kaltegarriren bat, izualdi edo ikaraldi bat dela medio, edota bere bizitzan gertatu den aldaketa garrantzitsu (eta gehienetan desfaboragarri) bat dela eta.

Dutxatzea edo ilea garbitzea kaltegarria al da?

Bainua ez da kaltegarria, baina ustekabekorik ez edukitzeko neurriak hartu behar dira.

Sasi-uste hauek endredu asko sorrarazi dituzte, eta hortik abiatuz ugaldu dira lehorreko txanpuak. Bainu bat hartzea oso gomendagarria ez den arren —begibistakoak diren arrazoiengatik—, dutxa bat ez da batere kaltegarria. Aitzitik, erlaxatzen lagun dezake, molestiak arintzeaz gain. Ur beroko txorrotadak txandakatuz ur epelarekin, dutxak zirkulazioa aktibatzeko balioko du, odolaren kanporatzea bizkortu eta erraztuz.

Eta hondartzan edo piszinan bainatuz gero, zer?

Ez da kaltegarria, inola ere, ustekabekorik ez edukitzeko beharrezko neurriak hartzen badira. Zure premiak betetzeko tamaina eta xurgapen-gaitasuna egokia duten tanpoiak erabili eta behar adinako maiztasunaz aldatu.

Hilekoak aldatzen al ditu proba medikoak?

Egia da datu batzuk, menstruazioa bitartean, alteratuta egoten direla. Horregatik odoleko edo gernuko analisiren bat egin behar duzunean, eta hilekoarekin baldin bazaude eman horren berri medikuari. Egiaztatu da, baita ere, hilekoaren azken egunetan egindako mamografiak ez direla hain fidagarriak izaten.

Aholku batzuk hilekoa bitarterako

  • Ahoratzen den gatz-kopurua gutxitu, nahiko gatz fina batez ere. Gatz gehiegikeriak likido-erretentzioa dakar, eta puztuta zauden sentsazioa emang dizu.
  • Gehitu potasioa zure jan-neurrian (arroza, garia, patatak, mahatsa, platanoa, udarea, aza, ilarrak, etab.)
  • Baita B6 bitamina ere (berdura berdeak, soia, arrautz-zuringoa, polena, legamiak, etab.)
  • Gehitu, azkenik, A bitamina (azenarioak, baratxuria, tomateak, …)

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia