Higidurarekin aurrera
1998/07/01 Bandres Unanue, Luis Iturria: Elhuyar aldizkaria
Behin batean Parisko egunkariek iragarki harrigarri bat argitaratu zuten; honen arabera, hogeita bost zentimo bidaliz, inongo nekerik gabe eta oso-oso merke bidaia bat egiteko modua adieraziko zen. Inuzente batzuek bidali zuten aipatu dirua eta hauetako bakoitzak postaz idazki bana jaso zuen, bertan ondokoa irakurtzen zelarik:
“Jaun/anderea gera zaitez lasai-lasai etxean eta Lurrak biratzen duela gogoan hartu. Parisko paraleloan zaudenez, hau da, 49.ean zuk egunero 25.000 km egiten dituzu. Bista politak atsegin badituzu ireki leihoa eta ortzearen panorama unkigarriaz goza ezazu.”
Zer esanik ez, iragarkiaren egilea salatu egin zuten eta epaia irakurri eta isuna ordaindu ondoren, jarrera dramatikoa hartuz, Galileoren esaldi famatua ahoskatu omen zuen:
- Eppur, si mouve! (Eta hala ere, higitzen da).
Berez, salatuak zuen arrazoia, zeren Lurraren esferako biztanle bakoitzak bi bidaia egiten baititu, bata esferaren ardatzaren inguruan eta bestea, askoz azkarragoa, Eguzkiaren inguruan eginiko translazio-higidura. Gure planetak, eta bere biztanle guztiek, espazioan segundoko hogeita hamar kilometro egiten ditu, eta hau bere ardatzaren inguruko higiduraz gain.
Eta honek guztiak higiduraren erlatibotasuna ekartzen digu gogora. Normalki bidaia bat aipatzen dugunean, esan gabe doa, Lurrarekiko higidura aipatzen ari garela, beraz Lurrarekiko ez badut nire posizioa aldatu “geldirik” nagoela esan ohi dut, nahiz jakin Lurrak bere mugimendua baduela. Ikus dezagun mugimenduaren erlatibotasunaren beste adibide bat.
Demagun arraun-ontzi bat laku batean ari dela eta “a” gezitxoaren bitartez bere higiduraren norantza adierazten dugula (ikus ondoko irudia). Horrekin batera eta berarekiko perpendikularki bela-ontzi bat dator eta “b” gezitxoak adierazten du honen norantza. Lan honen irakurleari bela-ontzia nondik abiatu den galdetuko bagenio, berehala kostaldeko M puntutik erantzungo liguke. Baina, galdera berbera arraun-ontzikoari egingo bagenio oso beste puntu bat esango liguke. Zergatik hori?
Ontzilari honentzat bela-ontzia ez doa bere direkzioarekiko perpendikularki. Bera ez da bere higiduraz konturatzen eta alderantziz, bere iritziz bera geldirik dagoen bitartean bere inguruko guztia berak daukan abiaduraz baina kontrako norantzan ari da higitzen. Hau dela eta, berarentzat bela-ontziak “b” gezitxoaren higidura izateaz gain puntu-lerroak adierazten duen higidura ere badauka, hots, “a” arraun-ontziarena bezalakoa baina kontrako norantzan. Bela-ontziaren bi higidura hauek, erreala eta irudizkoa, paralelogramoaren erregelaren arabera batzen dira eta arraun-ontzikoaren iritziz bela-ontzia paralelogramoaren diagonaletik doa. Ondorioz, bere ustez bela-ontzia ez zen kostaldeko M puntutik abiatu, N-tik baizik, hau da, arraun-ontziaren norantzan nahikoa aurrerago dagoen beste batetik.
Lurrarekin batera joatean bere orbita jarraituz eta izarretatik datozen argi-izpiak ikusterakoan, izarren posizioak kontsideratzerakoan egiten dugun errakuntza eta arraun-ontziko marinelak egiten duena bera da eta izarrak dauden tokian baino piska bat aurrerago (Lurraren higiduraren arabera) dagoela iruditzen zaigu. Lurraren translazio-abiadura argiarekin alderatuz oso txikia denez (10.000 aldiz txikiagoa, hain zuzen) izarren irudizko desbideratzea oso txikia da. Hala ere, desbideratze hau aparailu astronomikoen bidez neur daiteke. Fenomeno honi argi-aberrazio deritzogu.
Irakurleari, higiduraren erlatibotasunaz interesatuta badago behintzat, ontzien higiduren berezitasunak aldatu gabe, ondoko galderak egiten dizkiogu.
- Bela-ontziko bidaiarientzat arraun-ontziak zein direkzioa dauka?
- Norantz doa arraun-ontzia bela-ontzikoen iritziz?
Pentsatu piska bat, marrazkitxo bat edo beste egin eta hemen esandakoa ongi ulertu baduzu, ez duzu inongo eragozpenik izango erantzun zuzenak aurkitzeko.
On egin!
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia