}

Higidura magnetikozko trena

1991/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Berlin eta Hamburg higidura magnetikozko tren batez elkartuko dira 2000. urterako.

1980. urtean Emsland-en saiakuntz instalazio bat eraiki zen, Alemaniako ikerketa eta teknologi ministraritzak sustaturik. Instalazio hau trenbide-tarte batek, inpultsio- eta funtzionamendu-sistemak eta higidura magnetikozko TR06 eta TR07 trenek osatzen dute. Trenbidea Lathen eta Dörpen-en artekoa da; 31’5 km-koa hain zuzen ere. Zementuzko eta altzairuzko zutabe gainean eraiki zen eta ez du automobilen eta kamioien trafikoa oztopatzen.

Higidura magnetikozko trena esekidura elektromagnetikoaren printzipioan oinarritzen da, hau da, bagoien elektroimanen eta trenbide ferromagnetikoen artean sortzen diren erakarpen-indarretan oinarritzen dira. Sistema erregulatzaile elektromagnetiko baten bidez ibilgailua erreietik gora hamar milimetrora esekita geratzen da. Bultzatzaile eta balaztatzaile gisa luzera-motore berezi bat erabiltzen da.

Tren honen izena “Transrapid” da eta 500 km/h-rainoko abiadurak hartzen ditu. 300 km/h-ko abiadura hartzeko bost kilometro besterik ez ditu behar eta ateratzen duen zarata oso txikia da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia