Hiesaren kontrako txerto eraginkorragoak, DNAzko euskarriekin

DNAzko euskarria duen txertoarekin GIB antigenoaren (urdina) aurkako antigorputzak sortzen dira, eta ez DNAren (grisa) aurkakorik; proteinazko euskarriarekin, berriz, GIB antigenoaren (urdina) aurkakoak eta euskarriaren proteinaren (gorria) aurkakoak. - Arg: Grant Knappek, MIT, Scripps Research


Hiesaren kontrako txertoak egiteko modu berri bat asmatu dute: DNAzko egitura bat diseinatu dute, immunitate-sistemarentzat ikusezina dena. Egitura horiekin egindako txertoak saguetan probatu dituzte, eta ikusi dute GIBaren gune zaurgarri baten aurka sortzen diren immunitate-zelulak 10 aldiz gehiago direla, ohiko proteinazko euskarriak dituzten txertoekin alderatuta.

Ohiko txertoetan GIBaren proteinak birusa imitatzen duten proteinazko euskarri batean itsasten dira. Horrela, immunitate-sistemak antigorputz sorta bat sortzen du, birusaren proteina horien zati desberdinak ezagutzen dituena. Askotan, ordea, sortzen diren antigorputz batzuk ez dira GIBaren proteinen aurkakoak izaten, baizik eta euskarriaren proteinen aurkakoak. Eta horrek txertoaren eraginkortasuna ahuldu egin dezake, bereziki, GIBaren gisako patogeno zailetan.

Arazo hori saihesteko, ikerketa honetan DNAzko euskarriak sortu dituzte, DNA-origami teknika erabiliz (DNA kateak hiru dimentsiotako forma zehatzetan tolesteko teknika). Izan ere, B zelulek —antigorputzak sortzen dituzten immunitate-zelulek— ez dute DNAren aurkako erantzunik sortzen.

DNAzko euskarriak GIBaren estalki-proteinaren 60 kopia eramateko diseinatu zituzten. Giza antigorputzen geneak dituzten saguetan egindako probetan, sortutako B zelulen ia % 60 GIBaren estalki-proteinaren aurkakoak ziren. Ohiko proteinazko euskarriarekin egindako txertoa jaso zuten saguetan, berriz, B zelulen %20k baino ez ziren GIBaren proteinaren aurkakoak; gainerakoen artean, asko euskarriaren aurkakoak ziren. Gainera, txertoa jaso eta bi astera, DNAzko euskarriduna jaso zuten saguetan B zelulen maila egokiak detektatu zituzten; proteinazkoak jaso zituztenetan, berriz, ez zuten B zelularik detektatu.

Ikertzaileen arabera, aurrerapen honek bide berriak ireki ditzake ez bakarrik GIBaren aurkako txerto bat lortzeko, baita beste patogeno zail batzuentzat ere, hala nola gripearen edo koronabirusaren aurkako txerto unibertsalak lortzeko. Uste dute DNAzko euskarri “ikusezin” horiek tresna aproposa izan daitezkeela, immunitate-sistemaren erantzun eraginkorragoa eragiteko.

Egoitz Etxebeste Aduriz

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali