}

Hibernatzen ari diren hartzak eta mugitu ezin diren pertsonak tronboetatik zerk babesten dituen aurkitu dute

2023/04/19 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

hibernatzen-ari-diren-hartzak-eta-mugitu-ezin-dire
Arg. Pixamio / Pixabay

Epe luzeko mugiezintasuna duten pertsonek eta hibernatzen ari diren hartzek odolbilduak osatzeko gako den proteina baten maila txikiagoak dituzte, eta horrek babesten ditu tronboak edo enboliak izatetik. Horixe erakusten du Science aldizkarian argitaratu duten ikerketa batek.

Denbora luzez geldirik egotean, oro har, tronboak eta enboliak izateko arriskua handitu egiten da; eta hilgarria ere izan liteke. Mugiezintasun kronikoa duten pertsonek (bizkar-muineko lesioa dutenak, kasu), berriz, ez dute pertsona osasuntsuek baino tronbosi gehiago izaten. Eta hartzek ere, hilabeteetan hibernatzen egon arren, ez dute horrelako arazorik izaten. 

Ikertzaileek bi kasu horiek aztertu dituzte, eta ikusi dute bai hibernatzen ari diren hartzek, eta bai mugiezintasun kronikoa duten pertsonek, HPS47 proteina gutxiago dutela odolean. Proteina hori ehun konektiboak (hezurra eta kartilagoa) osatzen dituzten zeluletan dago, batez ere; baina baita plaketetan ere, eta, hain zuzen ere, plaketak elkarri lotzen laguntzen du, kolagenoarekin bat eginez.

Saguekin egindako probetan baieztatu dute HSP47 proteinarik ez duten saguetan askoz odolbildu gutxiago sortzen direla. Bestetik, ikusi dute erditu-berri diren txerriek ere (28 egunez ia geldirik egon behar izaten dute, kumeak elikatzen) txerri aktiboek baino gutxiago dutela proteina hori. Eta, azkenik, ikusi dute gauza bera gertatu zaiela beste esperimentu baterako, borondatez, denbora luzez ohean egon ziren 12 pertsona osasuntsurekin. Kasu horretan, 27 egun geldirik egon ondoren, HSP47 proteinaren maila jaitsi zitzaien.

Ikertzaileek uste dute aurkikuntza hau oso baliagarria izan litekeela beste egoera batzuetan odolbilduak sortzea saihesteko balio dezaketen medikamenturen bat sortzeko.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia