Hezur-muinak tumoreak elikatzen ditu
2001/11/07 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Gorputzeko edozein ehunek bezala, tumoreek odola behar dute elikatu, hazi eta bizirik irauteko, eta minbiziaren kontrako ikerketa-lerro garrantzitsu bat prozesu horiek blokeatzeko bideetan oinarritzen da. Azaroko Nature Medicine aldizkarian, tumoreak hezur-muineko zelulekin elikatzen direla argitaratu da, oso aurkikuntza garrantzitsua adituen ustean.
Oraintxe arte, tumoreak inguruko zelulekin elikatzen zirela uste zen; hau da, inguruko zainetako zelulez baliatzen zirela euren zainak osatzeko. Baina azken hiru urteetan zelulen jatorria bestelakoa dela iradokitzen duten aurkikuntzak egin dira. 1999. urtean, esaterako, Id1-4 gene-multzoa falta zitzaien saguen tumoreetan zainik ez zela sortzen ikusi zen. Teorikoki, Id geneak enbrioi-fasean dira aktiboak eta zainak sortzen parte hartzen dute, baina jaio ondoren betiko desaktibatzen dira.
Ikerketa horiei jarraiki, New York-eko ikertzaile-talde batek Id geneek tumoreen hazkuntzan zerikusirik izan dezaketen aztertu du eta erantzuna baiezkoa izan daitekeela ondorioztatu du. Sloan Kettering-en omenezko Minbizia Zentroak, Cornell Unibertsitateko Medikuntza Fakultateak eta ImClone Systems erakundeek hartu dute parte ikerketetan. Horretarako, Id generik ez duten eta tumoreetan zainak sortu ezin dituzten saguak erabili dituzte. Saguei Id geneak zituzten hezur-muinak ezarri dizkiete eta azal azpian tumoreak txertatu dizkiete. Ordu gutxitan, hezur-muineko zelulek tumorera migratzen zutela ikusi dute.
Orain arte, hezur-muineko zelulek tumoreen zainen hazkuntzan apenas parte hartzen zutela uste zen, baina ikerketa horrek ikuspegia erabat alda dezake. Egileen ustez, tumoreetako zain sare osoa hezur-muineko zeluletatik abiatuta osatzen da eta Id geneek prozesuan zerikusia izan dezakete. Ikertzaileek antigorputz berezi bat garatu dute, hezur-muineko zelulei tumoreetatik datozen seinaleak jasotzen uzten ez diena. Antigorputzaz baliatuta, tumoreetako zainen hazkuntza eragoztea lortu dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia