Hesteetako gaixotasunik izango dut?
2005/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zamudioko progenika bioteknologia-enpresak DNA-txip berri bat aurkeztu du hesteen hantura pairatzen duten gaixoentzat. Hesteen hantura eragiten duten gaixotasun garrantzitsuenak Crohn-en gaixotasuna eta ultzeradun kolitisa dira. Biotxip berriak gaixotasun horiekin erlazionatutako 46 mutazio aztertzen ditu, eta laster baliozkotze-fasean sartuko da.
Polimorfismo asko aztertzen ditu txipak, eta gaixotasuna izateko dagoen arriskua, gaixotasunaren pronostikoa eta gaixoak tratamenduari nola erantzungo dion zehazten du.
Ikuspuntu praktikotik begiratuta, IBDtxip-ek bi erabilera kliniko nagusi izango lituzke: batetik, gaixo bakoitzari gehien egokitzen zaion terapia aukeratzeko informazioa emango luke, eta, bestetik, gaixoaren senitartekoek gaixotasuna garatzeko zenbateko aukera duten jakin ahal izango lukete. Gainera, mutazio berriak identifikatuz gero, horiek ere IBDtxip-en sar daitezke azter ditzan.