Herritarren zientzia etorkizuneko zientziaren giltzarri?
2016/12/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Herritarrek jakintza sortzen dute, eta jakintzak herritarrak sortzen ditu. Horixe da Alemaniako GEWWISS herritarren zientziako proiektuaren zioa, eta ondo laburbiltzen ditu parte-hartzeak herritarrei eta zientziari ekar diezazkiekeen onurak.
Herritarren zientzia kontzeptu erakargarria da oso. Europako 2020 estrategiaren barruan agertzen da, eta filosofia oso baten adierazleetako bat da. RRI delakoak (Responsible Research and Innovation) ikerketa egiteko modu berri bat du oinarri, etika, zientzia-hezkuntza, genero-berdintasuna, gobernatzeko modu berri bat, datuetarako sarbide irekia eta gizartearen atxikimendua bilatzen dituena. Hortxe kokatzen da herritarren zientzia.
Elhuyarrek ere, herritarren zientziak ekar ditzakeen onurez ohartuta, hura bultzatzea hartu du helburu. Horretarako dator ZientziaKIDE.
Herritarrak zientziako proiektuetan kide bihurtuz
ZientziaKIDE proiektuak herritarren zientzia-lerroak zabaldu nahi ditu Euskal Herriko zientzia-agenteekin elkarlanean, haien ikerketetako batzuk herritarrei hurbildu eta guztien arteko kolaborazio-modu egonkorrak martxan jartzeko.
Horretarako, baina, beharrezkoa da bai gizartea bai ikerketa-erakundeak zientzian jarduteko modu berri horren filosofiaren jabe egitea eta hura gauzatzeko prest egotea. Izan ere, herritarren zientzia praktika zaharra baldin bada ere, kontzeptu berria eta ezezaguna da gehienentzat.
Guk Pasaian dagoen AZTI-Tecnalia erakundearekin egin dugu proiektu pilotua. Pasaiako badiako uren kalitatea neurtzea zen helburua. Horretarako, bi laginketa-puntu definitu ziren; bata, badiaren barnealdean, eta bestea, Pasai San Pedroko kaian. Bi puntu horietan, gainera, azalean eta hondoan hartu genituen ur-laginak, ikusteko ea alderik bazegoen aztertu beharreko parametroetan.
Dozena bat herritar aritu ziren ikerketan AZTIko ikertzaileekin batera. Lehenik, azalpen-hitzaldia jaso zuten; gero, laginak hartu zituzten; eta, azkenik, laborategiko lana egin zuten, ikertzaileek gidatuta. Amaieran, ikerketaren emaitzen berri jaso zuten AZTIko ikertzaileen eskutik, eta esperientzia interesgarri eta aberasgarria izan zela aipatu zuten guztiek.
Onurak eta erronkak
Herritarren zientziaren onurak aipatzen hasita, lau nabarmenduko nituzke.
Lehenik, zientziak garrantzi handiagoa hartzen du gizartean herritarren intereseko ikerketa-lerroak zabaltzen direnean.
Bigarrenik, ikerketen emaitzak asko aberasten dira herritarren ikuspegiak eta lekuan lekuko jakintzak integratzen direnean. Gainera, zenbait ikerketak behar dituzten datu-bilketa erraldoiak ezinezkoak lirateke herritarren lan boluntariorik gabe. Adibidez, txorien populazioak eta migrazioak ikertzeko, herritarrek emandako informazioa gakoa da. Milaka herritarrek behatzen diete txoriei, eta haien datuak erabiltzen dituzte gero ikertzaileek populazioan izan diren aldaketak aztertzeko edo migrazio-ohituren eboluzioa ikusteko.
Hirugarrenik, gizartean kultura zientifikoa areagotzen da, eta gizarte kritikoago bat eraiki.
Azkenik, ikerketaren emaitzak egiaz gizartean aplikatzeko aukera gehiago ematen ditu herritarren zientziak, errazagoa baita ondorio horiek onartzea eta eguneroko bizitzan txertatzea zuk ikerketa horretan parte hartu baduzu.
Europako Herritarren Zientzia Elkarteak (ECSAk) beste bi onura ere aipatzen ditu: herritarren ahalduntzea —hau da, herritarrek zientziako erabakietan ahotsa dutela sentitzea— eta garapen jasangarria, sozialki eta ingurumenari begira.
Hala ere, bide horretan, erronkak ere badaude: diru-funtsak areagotzeko beharra, herritarren zientziako proiektuak martxan jartzeko eta herritarrek kudeatzeko trebakuntza-beharra, herritarren zientzia eta zientziaren komunikazioaren arteko sinergiak zabaltzeko beharra eta herritarren zientzia hezkuntzan txertatzeko beharra.
Bestalde, uste dut herritarren zientziako ekimenek gutxieneko tamaina bat izan behar dutela gizartean eta zientzia-sisteman benetan eragiteko. Ekimen gehiago eta jendetsuagoak behar dira haien ondorioek benetan zientzia-politiketan eta ikerketa-ildoetan eragitea nahi badugu.
Ondorioak zein dira?
Beraz, herritarren zientziako proiektuak datuen bilketatik harago doaz. Kontzientzia hartzea, gaitasunak eraikitzea eta herritarren komunitateak indartzea dakarte. Konfiantza eraikitzea eta mantentzea gakoa da herritarren zientziako edozein proiektutan. Ezinbestekoa da jaso/eman bikotea. Ez da nahikoa datuak, informazioa, ezagutzak eta abar herritarrengandik jasotzea; erabilgarria eta baliozkoa den emaitzaren bat eman behar zaie herritarrei.
Azken joeren arabera, herritarren zientziako proiektuak, datuen bilketari lotuta baino gehiago, parte-hartze sakonago batean oinarritu behar dira. Horrek eragiten dituen zailtasunak hasieratik aurreikusi behar dira. Adibidez, herritarren zientziarekin lotutako proiektu askotan, jendearen parte-hartzea asko jaisten da behin datuen bilketa amaituta. Jendearen inplikazioak luzaroago irautea erronketako bat da.
Eta, parte-hartzaileak bilatzeko orduan, motibazioari begiratu behar zaio. Errazago topatzen dira partaideak ingurumen-elkarteetan, aktibisten artean, zuzenean arazo bat jasan duen jendearen artean, baldin eta ikerketak ingurumen-arazo bat badu aztergai, adibidez. Eta haien ekarpena aberatsagoa izango da. Hala ere, kontuan izan behar da partaide horiek ez dituztela herritar guztiak ordezkatzen.
Azken finean, herritarren zientzia ez da herritarrentzat edo herritarren gainean egindako zientzia, herritarrekin egindakoa baizik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia