Trantsizio Justuaren Behategiak egindako azken inkestaren arabera, Espainiako herritarren % 63k uste du klima-aldaketak lehentasunezko ekintza-jarduera izan behar duela, baina era berean, horren aurka ekiteko estrategiez galdetzean, herritarren % 53,7k uste du trantsizio ekologikoak gatazkak sortuko dituela gizartean. Gero eta jende gehiagok aurreikusten ditu gatazkak: 2023an % 23k ikusten zuen, 2024an % 39k, eta aurten ia 4 puntu portzentual gehiagok.
Herritarren ehuneko handi bat trantsizio ekologikoak ekar ditzakeen aldaketekin kezkatuta azaltzen da, baina, aldi berean, % 62k aurreikusten du zuzenean herritarron osasuna hobetuz inpaktatuko duela. % 67k dio airearen eta uraren kutsadura murriztuko duela batez ere. Baina % 21,6 beldur da bere lana desagerrarazi edo asko eraldatuko ote duen. Batez ere gizonek dute kezka, % 25k; ez horrenbeste emakumeek, % 17.
«Herritarren % 48,5 bakarrik legoke prest energia-iturri garbiago baten alde gehiago ordaintzeko»
Bestetik, trantsizioan aurrera egiteko norbanakoek hartu beharreko neurriez galdetzean, % 51 bakarrik mugitzen da garraio publikoan, oinez edo bizikletaz egunerokotasunean. Halaber, % 28,2 bakarrik legoke prest zerga gehiago ordaintzeko, % 42,3k haragi gutxiago jateko, eta % 48,5 energia-iturri garbiago baten alde gehiago ordaintzeko. Gainera, neurri horiek hartzeko prestutasuna oso modu nabarmenean murrizten ari da urterik urte.
Laburtuz, herritarren % 46k trantsizio ekologikoarekiko konpromisoa erakusten du, % 39 eszeptiko azaltzen da eta % 15,5k jarrera immobilista du.
«Herritarren egoera sozioekonomikoa kontuan hartzea aldagai esanguratsua da trantsizio ekologikoari begira»
Kontuan hartzeko hainbat faktore nabarmendu ditu txostenak. Batetik, herritarren egoera sozioekonomikoa kontuan hartzea aldagai esanguratsua da trantsizio ekologikoari begira: zailtasun ekonomikoak dituztenen artean % 53k ematen dio lehentasuna klima-aldaketaren aurka borrokatzeari (bataz besteko % 63aren aldean) eta % 39k daki zer den ondo trantsizioa (bataz besteko % 47are aldean). Bestetik, generoa ere bada aldagai garrantzitsua, neurri apalagoan bada ere: emakumeen % 84 ziur da klima-aldaketaren existentziaz, baina gizonen % 76 baino ez.
Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber
Biokimikan doktorea. Elhuyar Zientziako erredaktorea.







