}

Hemen bertan dago Marte!

2001/06/18 Elhuyar Zientzia

Ekainaren 21ean, 1988tik egon den distantzia txikiena egongo da Lurra eta Marte artean. Orduan soilik 59 milioi kilometroko tartea zen, eta oraingoan zertxobait handiagoa bada ere, 67,3 milioi kilometro besterik ez dira egongo bata eta bestearen artean.

Une hauetan, eta bere orbitak hala aginduta, orduko 35.420 kilometroko abiadurarekin ari da hurbiltzen Lurra Martera. Horregatik, Ilargitik hur dagoenean izan ezik, gauez ikusten den astro distiratsuena Marte da. Oso une aproposa da, beraz, Marte behatzeko. Planeta bat denez, ez du dir-dir egiten, eta bere kolore gorrixkak beste astroetatik erraz bereizten du. Uda-bukaeran, distira galtzen hasiko da, urruntzen hasiko baita, baina astro distiratsuena izango da urrira arte. Teleskopio txikien laguntzaz, Marteko hainbat egitura ikusteko aukera dago orain, hala nola, hodeiak, poloak edo azaleko zenbait xehetasun.

Hurrengo urteetan, are hobeto ikusi ahal izango da: 2003ko abuztuaren 27an 55,7 milioi kilometro egongo dira Lurra eta Marte artean. Astronomoek diotenez, 5.000 urtetan gehien hurbilduko diren unea izango da hori.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia