Helioa gidari
2002/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
GPStik eta ordenagailutik erabat desberdina den sistema bat asmatu dute hiri bateko bi punturen arteko biderik laburrena zein den jakiteko.
Londresko Imperial College of Science, Technology and Medicine-ko Andreas Manz-ek eta Hardvard-eko Unibertsitateko George Whitesides-ek eta horien lan-taldeek Londresko mapa beirazko txipean grabatu eta beirazko beste xafla mehe eta leun baten bidez estali dute. Horrela, Londresko kaleek ‘hodi-sarea’ eratu dute txipean eta, ondoren, helioz bete dituzte hodiak. Ibilbidearen lehen puntua eta azkena markatu eta bide guztietan laburrena dena ‘piztu’ egiten da. Baina, nola?
Ibilbidearen hasierako eta bukaerako puntuak bornetzat hartu eta elektrodoen bidez potentzial-diferentzia aplikatzen da. Korronte elektrikoa borne batetik bestera iragateko bitarteko materiala ioniza daitekeen gasa da (helioa, kasu honetan). Mendiko urak bide maldatsuenetik jaisten diren bezala, bi punturen arteko biderik laburrenetik doa korronte elektrikoa; alegia, bide laburrenean distiratuko du helioak, bonbilla fluoreszenteetan bezala.
Dena dela, posible izango ote da sarrera debekatuta duten kaleak, semaforoak eta derrigorrezko norabideak kontuan hartzea?
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia