
Azkenaldiko mikroelektronika-aurrerapenei esker, Oxford-eko Unibertsitatean lortu dute animalietan jartzeko moduko kamera txiki batzuk garatzea, hegazti basatien berezko jarduera eta portaera aztertu ahal izateko.
Lehenengo saiakera Kaledonia Berriko bele (Corvus moneduloides) batzuekin egin dute. Hemezortzi beleri kamera bana jarrita, 451 minutu grabatzea lortu dute. Hegazti horiek oso urduri jartzen dira gizakien aurrean, eta horregatik ezinezkoa da haien berezko portaera aztertzea. Gainera, ingurune menditsu eta itxietan bizi dira; leku horietan ikuspena oso mugatua da, eta banakoei jarraitzea ia ezinezkoa.
Kamerek 14,5 gramoko pisua baino ez dute, eta ez diete traba handirik egiten hegaztiei. Animalien buztanaldean jarri dituzte, aurrealderantz orientatuta; hala, kamerek animaliaren hanken artetik burualdea grabatzen dute (irudian gorriz ageri da kamera eta urdinez kamerak grabatzen duen eremua).
Irudia: Jolyon Troscianko
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.