Hegazti-espezie gutxiago, eukalipto-sailetan

Hegazti-espezie gutxiago, eukalipto-sailetan


Baso autoktonoetan eta pinu-plantazioetan baino hegazti gutxiago dago eukalipto-sailetan, EHUko ikerketa batek frogatu duenez. Ikerketak agerian utzi du premiazkoa dela baso autoktonoak kontserbatzea eta lehengoratzea, eta birplanteatu egin behar litzatekeela basogintzan eukaliptoa erabiltzeko hautua.

Iberiar penintsularen iparraldean hedatuz joan dira tokiko basoen ordez landatutako pinu- eta eukalipto-plantazioak. Euskal Autonomia Erkidegoan, esate baterako, eukalipto-sailen azalera bikoiztu egin da 2005-2024 bitartean; pinudietako gaitzen ondorioz pinuaren ordez eukaliptoa landatu baita.

BEZ-EKOFISKO ikerketa-taldean aztertzen ari dira eukalipto-landaketek zer eragin duten landareetan, hegaztietan eta lurreko mikroorganismoetan. Orain argitaratu duten lanean neurtu dute hegazti-espezieen dibertsitatea nola aldatzen den baso autoktonoak eta pinu- eta eukalipto-landaketak alderatuta, eta alde horiek zeren arabera gertatzen diren (besteak beste, landaredia, inguruko paisaia, baso-egitura, kokapena eta egur hila).

EAEko zuhaitz-sistema mota bakoitzeko hogeina sailetan egin dute hegazti-espezieen kontaketa eta azterketa. Eta, bestalde, hegaztiek landareekin zer-nolako interakzioak dituzten aztertu dute. Horrela, ikusi dute hegazti-espezieak aldatu egiten direla sistema-motaren arabera, eta eukalipto-sailetan baso autoktonoetan edo pinu-landaketetan baino hegazti-espezie gutxiago dagoela nabarmen: espezieen aberastasuna eta ugaritasuna, biak dira txikiagoak. Bestalde, pinu-landaketetan ere basoetako hegazti-espezie batzuk bizi diren arren, hegazti-komunitateak ez dira baso autoktonoetakoak bezalakoak.

Ikerketaren emaitzek agerian utzi dute bertako basoak garrantzitsuak direla hegazti-komunitateei eusteko. Bertako landare-espezieek funtsezko baliabideak eskaintzen dizkiete bai basoetako hegaztiei (hala nola garrapoa, eskinosoa edo gerritxori arrunta), bai eremu irekietan bizi direnei. Izan ere, EHUko ikertzaileek eremu irekietako hegazti-espezieak ere hauteman dituzte baso autoktonoetan (birigarro arrunta eta karnaba, esate baterako).

Hegaztien eta landareen arteko interakzioen azterketaren emaitzek erakutsi dutenez, hegaztiek gehiago erabiltzen dute bertako landaredia exotikoa baino; oso interakzio txikia dute landare exotikoekin. Izan ere, bertako basoetako landare-espezieen dibertsitateak eta egiturak aukera zabalagoa eskaintzen die hegaztiei, zuhaitz-landaketen landare-komunitate sinpleagoek baino. Bestalde, ikertzaileek hauteman dute hegaztiek, batez ere, fruitua ematen duten landareekin (eta, gutxiago, zuhaitzekin) dutela harremana.

Horren guztiaren ondorioz, ikertzaileek adierazi dute premiazkoa dela baso autoktonoak kontserbatzea eta lehengoratzea, hegaztien dibertsitateari eutsi nahi bazaio. Garrantzitsua da biodibertsitatearen kontserbazioa lehenetsiko duten baso-kudeaketako estrategia iraunkorrak erabiltzea, paisaia erresilienteak izateko.

Eukalipto-landaketak birplanteatzeko beharra ere nabarmendu dute. Bizkaian, adibidez, eukaliptoak landatzeko debekua amaitzera doa (2025), eta erabakiak hartzeko unea da. Emaitza hauek ikusita, ikertzaileek uste dute hobe dela eukaliptoak baztertu eta beste bide batzuk jorratzea.

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala, hainbat ikerketa-proiektutan parte hartuz. 2006ko azaroaz geroztik Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea eta erredaktore-burua da, eta Zientzia.net webgunearen arduraduna.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Biologia