Hegazkin isilagoak etorkizunean

Bidaiarientzako hegazkin isilago bat diseinatu dute MIT institutuan: SAX-40. Hegazkinaren diseinua guztiz berritzailea da; izan ere, ez du inongo zerikusirik gaur dauden hodi-itxurako hegazkinekin.

Hegazkinak itxura trinkoagoa du, hegoak eta hegazkinaren gorputz nagusia bat dira (manta-arraia baten antzera). Gainera, motorrak hegazkinaren gainean doaz, eta ez hegoen azpian, oraingoetan bezala.

Diseinu horri esker, hegazkina oraingoak baino isilagoa izango omen da; eta, hori bakarrik ez, erregai gutxiago beharko omen du —% 35 eraginkorragoa da erregaiari dagokionez—.

Dirudienez, hegazkin-diseinu berri honek abantailak baino ez ditu; baina ikusteko dago ekoizleek diseinu honi helduko dioten ala ez, aldaketa egiteko ekoizpenean inbertsio handia egin beharko bailukete. MITekoen kalkuluaren arabera, 2030a izango da, gutxienez, SAX-40 hegazkina hegaldi komertzialak egiten hasterako.

Argazkia: Silent Aircraft Initiative.

Nagore Rementeria Argote

Elhuyar Zientzia Kimika Zientziak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean eta zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan ari da 2003ko otsailetik Elhuyar Fundazioan.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera.  Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da,  ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali