Hegazkin isilagoak etorkizunean
2006/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bidaiarientzako hegazkin isilago bat diseinatu dute MIT institutuan: SAX-40. Hegazkinaren diseinua guztiz berritzailea da; izan ere, ez du inongo zerikusirik gaur dauden hodi-itxurako hegazkinekin.
Hegazkinak itxura trinkoagoa du, hegoak eta hegazkinaren gorputz nagusia bat dira (manta-arraia baten antzera). Gainera, motorrak hegazkinaren gainean doaz, eta ez hegoen azpian, orain artekoetan bezala.
Diseinu horri esker, hegazkina oraingoak baino isilagoa izango omen da; eta, hori bakarrik ez, erregai gutxiago beharko omen du --% 35 eraginkorragoa da erregaiari dagokionez--.
Dirudienez, hegazkin-diseinu berri horrek abantailak baino ez ditu; baina ikusteko dago ekoizleek diseinu horri helduko dioten ala ez, aldaketa egiteko ekoizpenean inbertsio handia egin beharko bailukete. MITekoen kalkuluaren arabera, 2030a izango da, gutxienez, SAX-40 hegazkina hegaldi komertzialak egiten hasterako.