}

Hegazkin detektaezinaren argazkia

1990/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azkenean Estatu Batuetako Pentagonoak eta Lockheed etxeak baimena eman dute F-117A abioiaren argazkiak argitaratzeko. Isilpeko hegazkin hau, zazpi urtez aritu da lanean eta radarreko pantailatan ez dute detektatu; detektaezina bait da.

1983. urteaz gero, hirurogeiren bat abioi egin dituzte eta hor ibili dira airean inor ohartu gabe. Harrigarria dirudi sekretua horrenbeste denbora hain ondo gorderik eduki izana, baina argitu beharra dago hegazkina basamortutan (Nevada-koan adibidez) eta gauez bakarrik ibili dela airean.

F-117A abioiaren forma berezia da. Diedroz elkartutako plano asko ditu eta horregatik ezin ditu abiadura supertsonikoak lortu. Hegazkin subsonikoa da beraz, eta gidatzen nahikoa zaila esaten dutenez (istripu batzuk izan dituela diote). Pilotu bakarrarentzako lekua du eta bere ezaugarri nagusiak hauek dira: zabalera 13,2 metro, luzera 20 metro eta pisua 24 tona. General Electric-en bi F-404 turborreaktore ditu, bakoitzak 8,5 tonako indarrez bultzatzen duelarik.

Abioi-mota hau garatzeko bi mila milioi dolar gastatu behar izan dituzte eta gero hegazkin bakoitza egitea 43 milioi dolar kostatu zaie. Beste gastu batzuk ere izan dituzte lurreko azpiegitura prestatzen etab. Guztira 6,5 mila milioi dolarreko inbertsioa egin dute. Oso garestia, noski, baina abioi militarra denez gero boterean daudenek lehentasuna eman diote.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia