}

Hegalaburra, estimatua bezain urria

2001/11/15 Elhuyar Zientzia

Azken 25 urteotan etengabe behera egin du itsasoan dauden atun hegalaburren kopuruak. Ozeano Atlantikoaren mendebaldean, 1970. urtean baino % 90 zimarroi gutxiago dago gaur egun. Hegalaburrak horrenbeste urritzearen kausa nagusia gehiegizko arrantza da. Hegalaburra arrain oso preziatua eta garestia da ohiko atunaren aldean. Atun mota guztien artean handiena eta garestiena da. 500 kilo inguru har ditzake zimarroi batek eta bere haragia oso estimatua da Asiako merkatuetan.

Hegalaburren kopurua berriz bere onera bideratzeko arrain horren arrantza gutxitu behar da, baina, ikertzaileen iritziz alperrik izango da zenbait eskualdetan arrantza hori debekatzea, beste batzuetan harrapaketek jarraitzen badute. Izan ere, zimarroiak arrain oso bidaiariak dira. Zenbait hegalabur Mexiko-ko golkoan ugaltzen dira, baina gero Italiako kostalderaino iristen dira. Pazifikoan ere beste horrenbeste gertatzen da, hegalabur batzuek Japonian jartzen dituzte arrautzak eta handik gutxira Mexikon aurki daitezke.

Beraz, zimarroien nondik norakoak eta ohiturak hobeto ezagutzeko, otolitoak erabiliko dituzte Texas-eko Galveston Unibertsitateko ikertzaileek. Otolitoak arrainaren belarrian sortzen diren hezur txikiak dira. Hezur txiki horiek arrainarekin batera hazten doaz, eta urtero-urtero, hezur-geruza berri bat hazten da otolitoaren inguruan. Zuhaitz-enborretan bezala, urtero hazitako eraztunaren tamaina eta ezaugarriak aztertuz, atunaren bizilekuak eta ohiturak hobeto ezagutzea espero dute ikertzaileek, ondoren, informazio horrekin, ugalketarako neurriak hartzen hasteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia