Haztegiak, izokin basatien zorri-iturri
2007/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ibaietako izokin asko eta asko gaixotzen dira. Haztegietako izokinek dituzten zorriak dira horren erantzule nagusiak. Hori ondorioztatu dute, behintzat, Kanadako zenbait ikertzailek.
Zorri-espezie hori berez itsaso zabalean bizi da, hango izokin helduen bizkar. Baina ikusi dute haztegietan infekzioa oso hedatuta dagoela, helduetan nahiz gazteetan. Itsasorako bidean doazen izokin basatiak haztegien ondotik pasatzen baldin badira, kutsatzeko arrisku oso handia dute; hain zuzen ere, izokin gazteen infekzio-maila normalean baino 73 aldiz handiagoa da haztegien inguruko populazioetan.
Zorriak izokinaren azalean zauri irekiak eragiten ditu. Infekzioak aurrera egin ahala, esan daiteke bizkarroiak arraina bizirik jaten duela, izokinak bere burua berritzeko behar duena baino abiadura handiagoan jaten baitu, eta hilgarria izatera ere irits daiteke. Gainera, ibaietako izokinak bizi-zikloaren hasieran daudenez, helduak baino txikiagoak dira; hori dela eta, hiltzeko probabilitate askoz handiagoa dute.
Horrenbestez, hainbat aditu hasi dira esaten haztegiak hobeki kudeatu behar direla, hazitakoekin batera, izokin basatiek ere bizirik iraun ahal izateko.