
Hartz beltzen (Ursus americanus) hibernazioa aztertu dute Alaskako Unibertsitateko zenbait ikertzailek. Azterketa horretatik ateratako ondorioak harrigarriak dira oso. Izan ere, hartz horien gorputzeko tenperatura gutxi jaisten dela ikusi dute; jarduera metabolikoak, berriz, nabarmen egiten du behera.
Oro har, organismo baten prozesu kimiko eta biologikoak gutxi gorabehera% 50ean murrizten dira, 10 graduko gorputzeko tenperaturaren jaitsierarekin. Hartz horietan, berriz, 5 eta 6 gradu jaisten da soilik. Jarduera metabolikoa, ordea, espero litekeen baino askoz gehiago jaisten dela ikusi dute; ohikoa baino % 75. Gainera, hibernazioaren ostean animalia horien metabolismoak zenbait astetan erritmo horretan jarraitzen duela ikusi dute ikertzaileek.
Hori guztia aztertzeko, infragorri-kamerak, mugimendu-detektagailuak eta bar erabili dituzte. Halaber, zenbait irrati-transmisore ezarri zizkieten negualdiko hartz horien gorputzeko tenperatura, bihotz-taupadak eta muskulu-jarduera —besteak beste— neurtzeko. Science aldizkarian eman dute ikerketa horren berri.Irudia: Øivind Tøien, Alaskako Unibertsitatea.
Kortabitarte Egiguren, Irati
Elhuyar Zientzia







