Harrizko marrazkien misterioa
2003/01/21 Elhuyar Zientzia
Iparreko eremu hotzetan eta ingurune alpinoetan, harrizko irudi harrigarriak azaltzen dira lurzoruan: labirintoak, zirkulu perfektuak, poligonoz osatutako sareak, ilarak... Nork edo zerk bultzatuta sortu dira eraketa berezi horiek?
Zientzialariek aspaldi baztertu zituzten iratxoen edo estralurtarren balizko esku-hartzeak, eta geologiaren ikuspuntutik aztertu dituzte. Eraketa-mota bakoitzarentzako azalpen egokia bilatzen saiatu dira, eta, orain, AEBetako bi geologok azalpen guztiak bateratzen dituen eredu numeriko bat egin dute.
Eredu horri esker, eraketak sortzean parte hartzen duten mekanismoek eta eragileek zenbaterainoko garrantzia duten ikusten da. Gainera, gai dira azaltzeko zergatik sortzen diren batzuetan mota bateko irudiak eta beste batzuetan bestelakoak.
Nonbait, lurzorua izoztean eta urtzean gertatzen diren mugimenduek bereizten eta antolatzen dituzte harriak. Maldaren eta lurzoruan dagoen harri-kontzentrazioaren arabera, era batera edo bestera antolatzen dira harriak, eta horrela sortzen dira uharteak, zerrendak, labirintoak eta hainbeste harritzen gaituzten gainerako eraketak. Izoztutako ur-tanta batek halako gaitasuna edukitzea ere!
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia