}

Haritza eta hariztiak Euskal Herrian

1991/02/01 Lizaur, Xabier Iturria: Elhuyar aldizkaria

Era batean ala bestean, denok daukagu haritza oso “geuretzat”. Gure Historian ageri da, ikurretan ere bai... eta gutxienik naturzaleek badakite gure lurrean garrantzi haundiko zuhaitza izan dela. Zein da ordea haritza eta hariztien egoera gaur egun?
Baserri-inguruneko paisajean, malda eta sakanetan iraun dute batipat baso eta zuhaiztiak. Hauek mantentzea guztiz beharrezkoa da natura zaintzekotan.

Azken hamar edo hamabost urteotan egin izan diren ikerketei esker batez ere, nahikoa ondo ezagutzen da gure lurretako basoen egoera. Landaredi-mapak eta baso-inbentarioak eginak daude jadanik eta hauek, landare-komunitate ezberdinak nola banatzen diren edota zuhaitz nagusiek zenbateko hedadura duten azaltzen digute, besteak beste.

Neurri handi batean ezaguna da komunitate bakoitza zein baldintza ekologikotan kokatzen den eta baita lurralde gehienetako landaredi potentziala zein den ere; hau da, gizakiak paisajea eraldatu baino lehen zegoen landaredia, eta naturari denbora oso luzean bere kasa utziz gero (baldintza hipotetikoa, noski) berriro sortu eta antolatuko litzatekeena.

Beraz, gaurko egoeraren analisia egiteko eta gerorako neurriak hartzeko, hor daude datuak.

Haritzei buruz hitz bi

“Haritza” hitzaren barruan, Quercus jeneroaren espezie ezberdinak sartzen dira; batez ere Quercus robur(=Q. pedunculata) edo haritz kanduduna eta Quercus petraea edo haritz kandugabea, gure lurretan zabalduena lehenbizikoa delarik. Badira izenez ondo bereiztutako haritzen antz handiko beste Quercus batzuk ere, hala nola “ametza” Quercus pyrenaica , “erkametza” Quercus faginea , “ametz ilaunduna” Quercus pubescens ,... eta aipatutakoen arteko hibridoak; Quercus jeneroan arrunta bait da fenomeno hori.

Quercur robur;
Haritz kanduduna.

Lerro hauetan, batez ere haritz kandudunaz arituko naiz; haritz-mota honetaz osatutako basoak izan bait ziren nagusi Kantauri-isurialdeko oso lurralde zabaletan

0-400 edo 600 m-rainoko altitudeetan

Espezie honen inguruan, komunitate ezberdinak eratzen dira; baso ezberdinak. Zentzu zabalean hitz eginez, bi motakoak dira nagusiki (bereizketa gehiago ere egin behar da sakonki aztertzeko orduan): bailara-lur aberatsetan eta sakanetan kokatzen direnak (lizar ugarirekin) eta malda nahiz muinoetakoak. Bietan haritza da zuhaitz gainartzaile edo nagusia, baina haritzarekin batera eratzen diren komunitateek (beste zuhaitz, zuhaiska eta belarkarek) ezberdintasun handia ageri dute.

Honetan komeni da beharbada puntu bat argi uztea. Basoek, gehienetan, zuhaitz-espezie batetik hartzen dute izena: harizti, artadi, pagadi, haltzadi, etab., zuhaitz gainartzailetik alegia; baina beste zuhaitz eta zuhaiska ezberdin asko egon ohi da barnean. Adibidez, hariztien kasuan lizarra, urkia, lertxuna, gaztainondoa, astigarra, gorostia, urritza, basagurbea, oilakarana, elorri zuria, etab.

H

ariztien

arteko ezberdintasunak lurren ezaugarriei zor zaizkie batez ere: pH neurria 7-tik gertu egon ahala ordea, lurra nahikoa azido izateak (kasu arrunta euskal lurralde euritsuetan) eragin handia du.

Haritza bietara moldatzen da, baina bere inguruan aurki daitekeen landare-espezie asko ez.

Desberdintzeko beste faktorerik ere badago: lurra eta inguruaren hezetasuna eta freskotasuna, bailara zabala ala oso estua izatea, batezbesteko urteko tenperaturak (dezentez hotzagoak Nafarroako Sakanan edo Arabako Lautadan Gipuzkoa eta Bizkaiko bailaretan baino),...

Quercus robur
, haritz kandudunaren hosto eta ezkurrak; kandua (pendunkulua) agerian.

Kantauri-isurialdeko bailara eta muinoetan (Mediterranio-isurialdeko zenbait lurraldetara iristen delarik), pagadiaren estaia edo kokagune azpitik, haritz kandudunezko basoek jazten zuten lurzati gehiena. Zenbaitetan, hauen eta pagadien artean haritz kandugabezko basoak tartekatzen ziren.

Artadiak ere bazuen presentzia nabaria (Bizkai aldean batez ere) eta baita ameztiak ere; erreka eta ibai-bazter guztietan, haltzadiak.

Orain dela milaka urteko paisajea ikusteko aukera izango bagenu, ia etengabeko basoa, edo baso ezberdinen multzoa, ikusiko genuke.

Lehenbizi artzaiak hasi ziren zabalguneak hedatzen eta berriak irekitzen; larreak behar bait zituzten abereentzat.

Nekazaritza sortu zenean hedapena areagotu egin zen, inguru egokienak nekazal lur bihurtuz. Populazioa asko ugaldu zen gainera.

Bestalde, eraikuntzarako zuraren beharra gero eta handiagoa zen (etxeak, itsasuntziak,..).

Harizti baten barrena Nafarroako Sakanan.

Garai batean ikazkinak baso guztietara sakabanatu ziren, hainbat eta hainbat olatarako ikatza eginez. Gaur egun zorionez ez dago egur-ikatzaren beharrik, baina ekintza horren arrastoak oso erraz aurki ditzakegu gure basoetan oraindik.

Azkenik, egurra azkar produzitzeko espezie aloktonoak (edo kanpokoak) landatzen hasi ziren. Ordurako, hala ere, basoen murrizketa haundiena egina zegoen.

Deforestazioaren bidea luzea da beraz, eta mende askotan zehar derrigorrezko zerbait izan zen giza populazioaren beharretarako. Noizbait, ordea, mugak gainditu egin ziren; ez bait dira bertako basoak arrazoizko neurrian (ez kantitatez eta ez kalitatez) gorde. Hauetan hariztiak dira gehien galdu dutenetariko baso-mota bat; gaur egun okupatzen duten azalera oso-oso urria bait da. Ikus ditzagun bestela, E.H.K.A.ko Baso Inbentariotik atera daitezkeen datu adierazgarri batzuk:

Bizkaia eta Gipuzkoan hariztiek (Quercus robur+Q. petraea) betetzen duten azalera 6.926 ha-koa da, basoen kalitateari eta heldutasunari so egin gabe. Behar bada goitik jotako datua da. Beste aldean, egur-produkzio intentsiborako “baso” landatuak (gehien-gehienak azkar hazi eta mozten diren koniferoen arboladiak dira) 176.000 ha baino gehiago betetzen dute.

Haritz lepatuak, garai bateko zuhaitz-ustiapenaren seinale.

Landaketak beharrezkoak dira, baina besteari ere begiratu egin behar zaio. Kontuan izan behar dugu ohizko landaketak zeharo sinplifikatutako zuhaiztiak direla; egiazko basoak osatzen dituzten espezie gehienak falta bait dira. Gainera landaketa horietan erabiltzen den ustiatze-moduak eta ondorioek (arraseko mozketak, higadura-arriskua malda handitan, aldi laburrak,...) ez diote naturari mesederik egiten. Puntu honi buruz azterketa-premia nabaria dago. Lurrari etekina atera behar zaio... baina etorkizunari ere begiratuz.

Benetako haritz-basoak, espezieen konposizioari eta garapenari begiratuz eta baso hitzak eskatzen duen hedadura kontutan harturik, bitxikeria bihurtu dira, Nafarroako lurretan egoera hobea baldin bada ere.

Seguruenik euskaldun gazte askok ez du sekula harizti bat bera ere zeharkatu eta ez du jakingo bere barne-paisajea nolakoa den ere. Gure kultura eta ondare naturalaren galera-seinalea da hau, dudarik gabe.

Iraun duten baso eta zuhaiztiak, malda gogorretan nahiz sakanetan gorde dira; baserri-lanetarako toki desegokienetan. Gehienak baso helduaren egoeratik urruti daude, haritz sendo edota ondo konformatuak eskas direlarik. Bestalde Oidium gaitza oso zabaldurik dago haritz gazteetan. Ez da gaitz hilkorra kasu askotan, baina zuhaitzak ahuldu eta itsusitu egiten ditu. Izan ere hauei eta basoei “egurra” ederki eman zaie gure lurraldeetan: zuhaitzak lepatu, behin eta berriro adarrak moztu ikatz eta egurretarako, orbela jaso, etab. Gainera neurri batean hautespen negatiboa ere gertatu da, zuhaitz ederrenak besteak baino proportzio handiagoan moztuz.

Zenbait paisajetatik, bertako basoen arrastoak ia desagertu egin dira. Udalaitz gailurretik hartutako argazkia.

Dena den, guganaino iritsi denari eustea guztiz beharrezkoa da; hor bait diraute komunitateek, haritza barne, ehundaka espezie begetal eta animalez osaturik eta paisajean ere guztiz elementu garrantzitsu direlarik. Beste baso-motez, noski, gauza berbera esan behar da.

Etorkizuneko basoetarako espezie-gordailu eta sakabanatze-gune dira eta gure naturaren zatiak berreskuratze-lanetarako derrigorrezkoak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia