}

Haririk gabeko elektrizitatea

1987/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Elektrizitatea mugitu gabe maneiatzea, hari eta entxufeak kentzea, posible da printzipio fisiko arruntak erabiltzen dituzten sistemen bidez. Horiek aplikatzeko, une egokia aukeratu behar da; ekonomikoki eskuragarriak direnean eta kontsumitzaileek onartzeko prest daudenean aplikatu behar bait dira sistema horiek.

Bada jadanik urte gutxiren buruan elektrizitatearen banaketa eta instalazioa erabat alda dezakeen zenbait berrikuntza.

Horietako bat, iturri elektriko izenekoa da. Bi elementu ditu iturri elektrikoak; maiztasun handiko zirkuitu elektroniko batez elikatutako potentzi igorle bat eta korronte-kontsumitzailean kokatuta dagoen hargailu bat. Igorle eta hargailuak, nukleo magnetiko batean sartuta dagoen bobina bat erabiltzen dute. Tresna bat (eta barruan daukan bobina) igortze-bobinaren parean jartzen denean, bi bobinen artean indukzio magnetikozko fluxua sortzen da eta tresnan indar elektroeragilea eragiten du. Igorlea txikia da (gazta txiki baten tamainakoa) eta edozein tokitan disimulatuta eduki daiteke. Bobina hartzailea lanpara-oinetan eta tresnen barnean erraz disimula daiteke.

Bigarren berrikuntzak, "Consor" izena dauka eta aparatu elektriko eta etengailuen arteko hariak baztertzen ditu. Aparatuen konmutazioa irrati-uhinen bidez egiten du. Teleaginteak eta aparatu elektrikoak irrati-frekuentzia berdinean egiten dute lan. Igorlea (teleagintea) 9V-eko pila batez elikatzen da eta kontsumo minimoa du. Irrati-uhina igortzeko nahikoa da, teleaginte arruntetan bezala, botoia sakatzea. Teleaginte ohizkoetan agintea sakatzeko unean tresnaren aurrean egon beharra badago ere, kasu honetan horrelakorik ez da behar.

Oztopoek ez dute irrati-uhina gelditzen. Irrati-uhinen bidezko telekomandoaren ahalmena 25 m-koa da toki itxietan, eta 50 m-koa irekietan. Beraz, komunean egonik egongelan dagoen argia itzali, sukaldeko labea martxan jarri edo gelako berogailua pizteko aukera daukazu tresna honetaz.

Aparatu elektriko bakoitzak hargailu bat izan behar du bere baitan. Gainera eta bakoitzean kode berezi bat ezarriko zaio igorle/hargailu-sistema bakoitzari, etxe horretako teleaginteaz bakarrik funtziona dezaten. Bestela, eta teleaginte guztiek maiztasun berdinean lan egiten dutenez, zure telebista pizterakoan, nahi gabe alboko bizilagunaren ikuzgailua martxan jar zenezake.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia