Hare-muiunetako landare herrestaria: DUNETAKO LURRUNTZA
1996/05/01 Terés, Joxepo Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zenbaki honetarako aukeratu dizuegun espezie eder honen bidez, landaretza psamofiloa ezagutzeko aukera izango dugu. Dunetako lurruntza aztertuko badugu ere, bere familia eta generoari buruzko jakingarri batzuk ikusiko ditugu buru-belarri murgildu aurretik.
Konbolbulazeo asko landare igokariak izaten dira —ezkerte zuria esate baterako—; zenbaitetan bizkarroiak ere izan daitezke eta orokorrean, simetria erradialeko lore handiak azaltzen dituzte. Familia honen barruan, bost genero ezagutzen dira Europan, nahiz eta horietako bat, Ipomoea izenekoa, jatorriz Hego Amerikakoa izan eta Europako hegoaldean naturalizatuta azaldu. Euskal Herrira etorrita bestalde, lau genero aipatzen dira. Horrez gain, Calystegia generoaren barruan Europan deskribatzen diren hiru espezietatik bi azaltzen dira gure artean.
Baina gatozen harira. Dunetako lurruntza landare psamofiloen artean ederrenetakoa dela esan daiteke. Herrestaria da eta hondar gainean koloretako sare finkatzaile bat osatzen du. Bere hostoak zertxobait mamitsuak dira eta giltzurrun-forma izaten dute. Loreak ere oso deigarriak dira eta pendunkulu luze bati amaiera ematen dion inbutu formako korola azaltzen dute. Handia da (4-5 cm-koa) eta kolorez arrosa argia. Maiatzetik uztailera bitartean loratzen da bereziki. Fruitua lau kusku dituen kapsula da eta bere barnean, hazi biribil beltzak ditu.
Landare hau duna eta hondartzetako zona mugikorretan zabaltzen da normalean eta Euskal Herrian ere, horrelaxe gertatzen da, hots, aukera hori eskaintzen duten azken inguruetan ikus daiteke. 1870. urtean aurkitu zuten espezi hau Willkomm eta Lange botanikoek Donostian eta Portugaleten. Beste zenbait botanikoren ikerketei esker, gure kostaldeko beste zenbait gunetan aurki zitekeela jakin dezakegu gaur egun, baina tamalez, eskualde askotan nagusitzen ari den giza-presioak desagertarazi du gure artetik landare eder hau.
Sendabelar gisa ere erabiltzen du askok Dunetako lurruntza, duen erretxina bati esker purgagarri bortitza omen da eta. Bere errizoma hidropesia, paralisiak, eskorbutua eta erreuma sendatzeko ere erabiltzen da.
Familia: konbolbulazeoak |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia