}

Haragia jateko tresnen aztarna zaharrenak Etiopian

2010/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Haragia jateko tresnen aztarna zaharrenak Etiopian
2010/11/01 | Elhuyar
(Argazkia: Dikika ikerketa-proiektua)

Etiopian, Afar ibaiaren eskualdean, ikertzaile-talde batek orain dela 3,4 milioi bat urteko ugaztunen bi hezur fosildu hauteman ditu, eta biek ala biek harrizko tresna zorrotzen batek eragindako markak dituzte.

Nature aldizkariak eman du Dikika ikerketa-proiektuan ari den nazioarteko antropologo-taldearen aurkikuntzaren berri. Ikerlanean ondorioztatu dute Lucy ezagunaren espezieak (Australopithecus afarensis) orain arte uste zena baino ia milioi bat urte lehenago jaten zuela okela eta horretarako harriak erabili ohi zituela.

Dirudienez, aurkitu berri dituzten hezurrak bi ugaztun handirenak dira. Hezurretako bat behi baten tamainako ugaztun baten saihetsaren parte bat izan liteke, eta bestea, berriz, ahuntz baten neurriko beste ugaztun baten femurraren zati bat.

Haiek aztertzen aritu diren ikertzaileek diotenez, hezurretan nabarmenak dira ebaketak, urratuak eta kolpeak. Egiaztatu dute marka horiek hezurrak fosildu aurretik egin zirela, eta, mozketen morfologiari dagokionez, baztertu egin dute hortzek eragindakoak izan zitezkeenik. Ziurrenik, beraz, okela hezurretatik bereizi nahian sortu ziren aipatutako markak.

Orain arte hominidoen harrizko tresneriaren erabilera eta haragiaren kontsumoa egiaztatzen zuen aztarna edo probarik zaharrena zena ere Etiopian aurkitu zen. Bourin duela 2,5 milioi urteko hezurrak agertu ziren, haiek ere mozketekin. Eta garai bereko harrizko tresnak Gona inguruan ere aurkitu izan dira. Nolanahi ere, zientzialariek orduan ez zuten aurkitu hezur zein harri haiekin zuzenean erlazionatutako hominidoen fosilik. Orain Afarren egindako aurkikuntzatik 200 metro eskasera, ordea, orain hamar urte Selam delakoa deskubritu zuten, "Lucyren umea", alegia.

1
269
2010
11
016
Paleontologia; Eboluzioa
Albisteak
18

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia