Hara hor falta zen materia
2005/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
NASAren Chandra X izpien behatokiko datuak erabilita, teoriak badela erakusten duen baina orain arte ikusi ezin izan den materia lokalizatu da.
Unibertsoko materiaren zati bat baino ez dago izarretan eta galaxietan metatuta, beste asko laino hotzetan dagoela ikusi da. Baina materiaren erdia inguru ezin izan da ikusi. Susmoa zuten espazioan zabalduta egongo zela, eta zalantza argitu dute. Materia horren zati bat laino beroetan detektatu dute X izpien bidez. Markarian 421 galaxiako zulo beltz aktiboak Lurrera igortzen dituen energia-zorrotadei begiratuta egin dute aurkikuntza.
Ikertzaileen arabera, oraindik materia asko dago grabitate-indarrak galaxietara erakarri ez duena; materia hori gas beroa da, eta sare antzerako bat osatzen du espazioan. Eta sare horren zati bat X izpiei esker ikusi ahal izan dute.