}

Han-hemenkako loretxoa, paduretako LIMONIUMa

1995/09/01 Terés, Joxepo Iturria: Elhuyar aldizkaria

FITXA TEKNIKOA Mendi-pinua

Espezie honen familia, labarretako krabelina aztertzerakoan ezagutzeko aukera izan genuen, eta oraingo honetan Limonium genero korapilotsua ezagutzeari ekingo diogu. Genero kosmopolita honen 400 espezie inguru ezagutzen dira, eta dirudienez, dibertsifikazio-nukleo bat Mediterranioko mendebaldeko eskualdeetan kokatuko litzateke eta bestea berriz, Asiako estepetan. Askotan, Limonium espezieen arteko hibridazioak sortzen dira eta horren ondorioz landare honen ezaugarrien aldaketak anitzak izaten dira, espezie desberdinak sailkatu eta determinatu ahal izateko botanikariek ere zailtasunak dituzte.

Penintsulan 107 espezie desberdin sailkatu dira, eta 138 hibrido, azken horietariko batzuk 3 espezieren artean sortutako hibridoak direlarik. Euskal Herrira mugatuz, 6 espezie eta 4 hibrido aipatzen dira, nahiz eta zenbait espezie sailkatzerakoan zalantzak eta ondorio desberdinak azaldu. Esate baterako, aztergai dugun Limonium vulgare landarea, botanikari batzuek serotinum subespeziearen barruan kokatzen dute eta beste batzuren iritziz berriz,

J. Terés

subespezie hau Mediterraniora eta Atlantikoko hegoaldera mugatzen da. Horrez gain esan behar da, espezie horren hibrido bat aipatzen dela Bizkaiko kostaldean ( Limonium binervosum x Limonium vulgare ). Zalantza horren aurrean, espezie hau Limonium vulgare -en sailkatuko dugu.

Orokorrean, eite txiki edo ertainetako landare hau tente azaltzen da eta oinarrian erroseta-formako hostoak nabarmentzen zaizkio. Gaineko adarrak zuzen edo gutxi kurbatuak izateaz gain, ugari adarkatzen dira eta azken horietan loretxo asko izaten ditu. Loreak txikiak eta gorri-biolazeoak izaten dira eta uztailetik irailera bitartean mantentzen ditu.

Limonium honen bizilekua oso zigortuak izan diren eta diren padurak dira. Alemania, Ingalaterra eta Atlantikoko kostaldean Belgikatik Cadizeraino hedatu bada ere Euskal Herrian landare arraroa dela esan behar dugu.

Bukatzeko, loretxoen iraunkortasuna medio, zenbait espezie ornamentaziorako erabiltzen direla esan behar. Bestalde, aztergai izan dugun Limoniumari buruz gure artean sendabelartzat erreferentziarik izan ez badugu ere, zenbait espeziek beren errizometan duten taninoei esker, erabiliak izan ohi direla diote eta halaber beren hosto jangarriak.

Familia: plunbaginazeoak
Espeziea: Limonium vulgare
Banaketa arraroa
Habitata: padurak
Sendabelarra: ?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia