}

Hamar urte petroliotan blai

2001/08/22 Elhuyar Zientzia


Golkoko gerran Kuwaiteko basamortuetan isuritako petrolioa garbitzeko proiektu erraldoia jarriko dute martxan

Pertsiar Golkoko gerra duela hamar urte bukatu bazen ere, Kuwaiteko basamortuek petroliotan blai jarraitzen dute. Egindako kalkuluen arabera, gerra hartako ika-miken ondorioz 250 milioi galoi petrolio baino gehiago zabaldu ziren, hau da, 945 milioi litro inguru, eta lurralde osoaren herena estali zuten. Guztira, 70 milioi m3 lur poluitu daudela uste da.

Hala ere, Ikerketa Zientifikorako Kuwait Institutuak ezer gutxi egin du arazoa konpontzeko. Orain arte, bi proiektu pilotu baino ez dira egin. Lehenengoan, petrolioak kaltetutako hektarea bat tratatu zuten. Aurrena lurra garbitu eta, gero, petrolioa jaten duten mikrobioen hazkuntza bultzatu zuten. Hartara, lurreko poluitzaileen % 94 garbitzea lortu zuten. Baina metodo hori poluitutako lur guztia garbitzeko erabiliz gero, 1,3 mila milioi dolarreko kostua izango luke.

Beste proiektu berriago batean, poluitutako lurretatik hartutako harea zementua egiteko erabili zuten. Teknika hori bideragarria eta segurua dela ikusiz gero, 5.000 km-ko bidea zolatzeko adina harea poluitu egongo litzateke.

Dena dela, badirudi arazoa serio hartzeko ordua iritsi dela. Aurtengo ekainean, Nazio Batuen Konpentsazio Batzordeak Kuwaiti 108,9 milioi dolar ematea erabaki zuen, Golkoko gerrak ingurunean eragindako kalteak konpontzeko. Diru hori Irakeko petrolio-salmenta kontrolatuen irabazietatik jasoko du. Lehenengo bost urteetan, petrolioak sortutako kalteak aztertu eta neurtuko dira, eta, gero, konponbidea jartzen ahaleginduko dira. Hainbat zientzialariren ustean, proiektu hori gizakiak inoiz ikusi izan duen laborategi bizi handiena izango da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia