}

Hamar telebista-kanal telefono-haritik

1994/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Konpresio numerikoan espezializatutako New Yorkeko elektronika-enpresa batek dioenez, telefono-hari batetik hamar telebista-programa bidali ahal izango dira. Telefonoz egiten diren elkarrizketetan batezbeste linean zehar garraiatzen den informazio-kopurua hutsaren hurrengoa da hamar programen telebista-seinaleek behar dutenarekin konparatuta. Horregatik telebista-programak ezingo dira zentral elektroniko asotan zehar distantzia luzetara igorri, baina zuzeneko lotura duten bi punturen artean bai.

Baldintza horietan ohizko telefono-elkarrizketetan baino informazio-kopuru handiagoa transmititu ahal izango da, eta konpresio-algoritmo bereziei esker, bideo-seinaleak garraiatu ahal izango dira.

Konpresioak hasierako seinalea aldatu egingo du, noski, baina azkenean lortuko den irudiaren kalitatea VHS magnetoskopioak ematen duenaren parekoa izango da. Publiko arruntarentzako emisioa izango da, beraz, eta ez kalitate handia behar duten profesionalentzat.

Dena den, telefono-hariz egiten den transmisio honek komunikazioa bi norantzatan egiteko aukera ematen du. Ikusleak, beraz, telefono-teklatua edo horretarako propio diseinatutako teklatua erabili ahal izango du programa emititzen duenarekin “elkarrizketatu” ahal izateko.

Sistema proiektatu dutenek diotenez, telefono-kableek kalean lurpean hogeita sei linea izaten dituzte eta aldi berean bi norantzetako hogeita hamar programa transmititu ahal izango dituzte.

Estatu Batuetako telefono-sare nagusiak dituzten Bell Telephone, Gulf & Western eta beste zenbait konpainia erakarri ditu proiektu interesgarri honek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia